Duela egun batzuk datak iragarri ondoren, atzo jakinarazi zituen Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) maiatzerako antolatu duten Euskal Herriko V. Elektrotxaranga Lehiaketan parte hartuko duten taldeen izenak eta jardunaldi bakoitzean zeintzuk lehiatuko diren.
Aurten ere zazpi izango dira Azpeitian lehiatuko diren elektrotxarangak. Joseto ta Alayak eta Sakatu izango dira aurtengo nobedadeak; beste bostak aurreko edizio guztietan edo bateren batean parte hartutakoak dira: 3indarrok, Elektrotxufla, Patxangoi, OstiKda eta Skapaie.
Maiatzaren 9an hasiko da lehiaketa, eta elektrotxaranga bakarra ibiliko da lehen jardunaldi horretan Azpeitiko Alde Zaharrean: 3indarrok, iazko irabazlea. Hurrengo hiru jardunaldietan, lehiaketaren ohiko formatua berreskuratuta, bina talde lehiatuko dira, plazatik Perez Arregira bata eta Perez Arregitik plazara bestea, bata bestearen atzetik: Joseto ta Alayak eta Elektrotxufla maiatzaren 16an, Sakatu eta Patxangoi 23an, eta OstiKda eta Skapaie, etxekoak, 30ean.