Astelehenean hasiko dituzte Azpeitiko Frontoi Txiki ondoko eremua eraberritzeko lanak

Mailo Oiarzabal 2026ko apirilaren 11

Done Jakue kaleko topaleku berriaren proiektutik ateratako irudia. (Azpeitiko Udala)

2024ko partaidetza prozesuan diseinatutako proiektua gauzatuko dute Done Jakue kalean, Gernikako arbola erori ostean hutsik gelditutako gunean. Lanek 84.872 euroko aurrekontua dute eta bi hilabete eta erdian bukatzea aurreikusi du udalak.

Hasieran aurreikusitakoa baino beranduago (2025ean hastekoak ziren), datorren astelehenean hasiko dituzte Done Jakue kaleko topalekua atontzeko lanak.

2023ko azaroaren 22an Gernikako arbolaren kimua erori ondoren Frontoi Txikiaren eta jolas parkearen artean hutsik gelditu zen eremu hori Alde Zaharreko bizilagunentzat "topaleku eroso" bilakatzea erabaki zuen udalak eta, topaleku hori diseinatzeko, nolakoa izan behar zen erabakitzeko, parte hartze prozesu "berritzailea" sustatu zuen erakundeak, udaleko sail ezberdinen elkarlanean oinarrituta eta Done Jakueko eremu horren erabiltzaileen parte hartzearekin (Ilunpe pilota elkartea, Marea Urdina eta Alde Zaharreko bizilagunak, besteak beste), OinHerrik eta Hiritik At-ek lagunduta.

2024ko udazkenean gauzatu zuten partaidetza prozesua, eta urte bereko abenduan aurkeztu zuten emaitza: astelehenetik aurrera gauzatuko duten proiektua.

Eraldatzearen xehetasunak

2024 bukaeran aurreratu zuten moduan, "espazio libre baten aldeko hautua" egin dute Frontoi Txikiaren eta Done Jakueko haur parkearen arteko eremua eraldatzeko, "oztoporik gabekoa, multifuntzionala eta goxoa" izango den espazio bat.

Estalpe bat izango du guneak, Frontoi Txikiari itsatsita. Eremua bera "zertxobait handitu" egingo dute; aparkaleku batzuk kenduko dituzte, eta eserlekuak eta landareak jarri. Harmailak, ping pongeko mahai bat eta beste elementu batzuk ere jarriko dituzte, eta zorua "aldatu eta berdindu" egingo dute, "irisgarriagoa" izan dadin.

Astelehenean hasiko dituzten lanek 84.872 euroko aurrekontua dute eta bi hilabete eta erdian bukatzea aurreikusi du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide