Haurrei zuzendutako zinema saiorik ez da izango asteburu honetan Soreasu antzokian, baina bai haurrei eta haien familiei zuzendutako antzerkia.
Azpeitiko Ekoetxeak antolatuta, Putzua begi-bistan taularatuko dute igande arratsaldean Soreasun Haizea Baigesek, Unai Baigesek eta Arrate Nuñezek. Susanna Isern-en Putzu bat ez zapaltzeko bederatzi modu ipuinaren antzerkirako moldaketa da Putzua begi-bistan, 5 eta 9 urte arteko haurrei zuzenduta dago bereziki, eta antzerkiaz gozatzearekin batera, haurrak uraren balioaz eta erabakien garrantziaz jabetu araztea bilatzen du. "Uraren garrantzia eta antzerkia uztartu" nahi dituzte, hain zuzen ere, antolatzaileek. "Ura zaintzen ikasiko dugu eguneroko keinu txikien bitartez", diote.
16:30ean hasiko da igandeko emanaldia, sarrera doan da, baina joan nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, Ekoetxearen webgunean.