Pote Filosofikoak egitasmoaren bigarren saioa egingo dute etzi, apirilak 8, asteazkenarekin, Sanagustin kulturgunean. Kuadrillak izan zituzten hizpide Kulturaz kooperatibak Txinparta filosofia elkartearen laguntzarekin herrian martxan jarri berri duen egitasmoaren lehen hitzorduan, martxoaren 4an. Lehen saio hark izandako harrerak eta parte hartzeak bultzatuta antolatu dute bigarren hau, eta haurtzaroa da herritarrek pote baten bueltan eta lagunartean beren iritziak eta hausnarketak parteka ditzaten proposatu duten gaia.
Aditu batek aurkezten eta gidatzen ditu Pote Filosofikoak, aukeratutako gaiaren sarrera eginez. Irati Zubia izan zen kuadrillen gaineko saioaren gidaria, eta Iñigo Martinez Peña filosofo eta irakasleak gidatuko du etzikoa. Zer da haurtzaroa? galderatik abiatuta, hausnartzeko eta iritziak trukatzeko bidea emango die gidariak Sanagustinen 18:30etik aurrera elkartzen direnei. Saio irekia izango da asteazkenekoa ere, nahi duen orok har dezake parte eta ez dago aurrez izena eman beharrik.