Erdikaleko 27. zenbakiko bigarren solairuko etxebizitzak su hartu du, 15:15 aldera; Korrale tabernaren gainean da. Udaltzainek abisua jaso eta bizilagunak etxeetatik atera dituzte, baina hirugarren solairuan bi bizilagun gelditu dira etxetik ezin irtenda, haiek garabi-eskailera batekin atera dituzte suhiltzaileek. Bi bizilagun horiek kea arnastu dutenez osasun langileek artatu dituzte tokian bertan, baina kalterik duten ikusteko Zumarragako Ospitalera eraman dituzte.
17:00 alderako sua itzali dute suhiltzaileek, eta orain ikertzen ari dira zerk eragin duen sutea. Sua izan den bigarren solairuko etxebizitzak kalte handiak izan ditu, eta bertako bizilagunek dena galdu dute. Gainontzeko etxebizitzetan izandako kalteak ikertzen ari dira orain. Bitartean, Azpeitiko Udalak Loiola hotelean ostatua eskaini die suteagatik etxera sartu ezinda gelditu diren bizilagunei; batzuk familiartekoen etxeetara joatea erabaki dute.