Hiru egunetarako antolatu ditu Udal Gazteria Sailak haur eta nerabeentzako aisialdiko ekintzak. HH5etik Batxilergora artekoentzako jarduerak prestatu dituzte gaurtik asteazkenera bitartean, eta horietan parte hartzeko 250 pertsonek eman dute izena. Goizetan ekintzak edota egun osoko irteerak egingo dituzte. Gaur Gaztelekuko gazteek egin dute egun osoko ibilaldia, eta bihar, berriz, haurrek egingo dute: HH5etik LH2ra artekoak Basondora joango dira eta LH3tik LH6ra artekoak Garaionera.
Familia Txokoa eta Iturritxiki ludoteka
Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, kiroldegiko Familia Txokoak ere irekita jarraitzen du. Apirilaren 2tik 6ra (ostegunetik astelehenera), 11:00etatik 12:30era arteko ordutegia izango du eta apirilaren 7tik 12ra 11:00etatik 19:00etara irekiko dute.
Kiroldegiko Familia Txokoa 0-6 urteko umeei eta familiei zuzendutako espazioa. Horrez gain, udalak adierazi du, astelehenetik ostiralera, Iturritxiki ludoteka (Done Jakue kalean) zabalik izaten dela, 0-3 urte arteko umeekin joan ahal izateko.