Bastian Laffittek irabazi du San Jose txirrindularitza lasterketa

Aitziber Arzallus 2026ko martxoaren 29a

Iparralde taldeko txirrindulariak 2 ordu, 11 minutu eta 28 segundo behar izan ditu 84 kilometroko ibilbidea osatzeko. Helmugaratzen aurrena ez ezik, bera izan da mendiko sailkapenean ere onena. Taldekako saria, berriz, Baque Movistar Teamentzat izan da.

Junior mailako txirrindulariek San Jose lasterketaren 43. edizioa jokatu dute gaur arratsaldean Azpeitian, eta Iparralde taldeko Bastian Laffitte izan helmugaratzen aurrena. Txirrindulari gazteak 2 ordu, 11 minutu eta 28 segundo behar izan ditu 84 kilometroko ibilbidea osatzeko, bigarrenak baino 48 segundo gutxiago. Hain zuzen ere, Bellota taldeko Aimar Ugarteburu izan da helmugan bigarrena, 2.12.26 denbora eginda; eta hirugarren Cafe Dromedario-Flotament taldeko Axular Aldazabalek egin du, bigarrenaren denbora bera eginda. 

Laffitte, lasterketako azkarrena ez ezik, mendiko sailkapenean ere onena izan; hala, bi garaikur eraman ditu etxera. Taldekako saria, berriz, Baque Movistar Teamentzat izan da.

Lagun Onak txirrindulari taldeak antolatutako lasterketa 15:30ean hasi da Loiola hotelaren aurretik. Parte hartzaileek Azpeitia, Zestoa eta Iraeta arteko joan-etorria egin dute aurrena, eta gero, Azpeitian Lan Mobel ondotik Goenara igo dira, handik Garmendi Gainera jaitsi eta Iraetara bigarren itzulia egiteko. Behin Zestoatik bueltan, Azpeititik Errezilerako errepidea hartu dute eta, Domusa Teknik enpresaren ondotik, Altzarte gainetik, Gazteko biribilgunera arteko itzulia bi aldiz egin behar izan dute. Altzarte gainetik egindako bigarren itzulia bukatutakoan Gazteko biribilgunetik helmugarako bidea hartu dute, eta hasitako leku berean bukatu dute lasterketa, Loiola hotelaren parean hain justu. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide