Pirinioetara bi eguneko irteera antolatu du Lagun Onak MBk apirilaren 11rako eta 12rako

Mailo Oiarzabal 2026ko martxoaren 27a

Bisaurin mendiaren gailurra. (Wikipedia)

Besteak beste, Bisaurin mendia igotzeko baliatuko dute asteburu pasa mendizaleek. Datorren hilaren 9an itxiko dute izen ematea, tokiak aurretik betetzen ez badituzte. Federatuentzako irteera da.

Apirilaren 11rako eta 12rako, Pazko Asteko astebururako, Pirinioetara irteera antolatu du Lagun Onak MBk, eta haiekin joan nahi dutenek eman dezakete izena dagoeneko. Federatutakoek soilik parte har dezakete irteera horretan.

Apirilaren 11n, goizaldean irtengo dira Azpeititik mendizaleak. 04:00etan hartu beharko dute autobusa anbulatorioko geltokian, Lizako aterpera joateko. Handik abiatuta (1.540 metro), Foraton muinora igoko dira (1.970 m), eta handik, asteburuko tontor nagusira: Bisaurin (2.670 m). Bisaurindik Gabarditoko aterpera (1.280 m) jaitsiko dira mendizaleak, gaua han egiteko. Igandean, etxerako bidea hartu aurretik beste irteera bat egin asmo dute Lagun Onakekoek, baina zehazteko dute hori. Era berean, "eguraldi iragarpenaren edo beste edozein gertaeraren aurrean azken orduko aldaketak" egon daitezkeela aurreratu dute mendizaleen elkartekoek.

Pirinioetako asteburu pasa horretarako tokiak mugatuak dira, baina aurrez ez badira betetzen, behintzat, apirilaren 9an 21:00etan itxiko du izen ematea Lagun Onak MBk. Joan-etorria, aterpeko egonaldia, afaria eta gosaria barne hartuta –gainerako otorduak bakoitzaren kontu izango dira–, bazkideek 90 euro eta bazkide ez direnek 110 euro ordaindu beharko dute.

Izena emateko jarraibideak bere webgunean jarri ditu Lagun Onak MBk.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide