Telefonicak Azpeitiko Perez Arregi plazan lokutorioa ireki zuela iaz 60. urte bete ziren, eta gero herriko hainbat emakumek egin zuten bertan lana. Urtemuga gogoan, Asotegi Gipuzkoako Telefonica Elkarteak omenaldi ospakizun ekitaldia egin du gaur, Azpeitiko lantokian lan egin zuten emakumeak omentzeko. 135 pertsona elkartu dira Azoka Plazan omenaldi ekitaldirako eta bazkaltzeko.Telefonicako langile izandakoez gainera, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Mikel Odriozola Festa batzordeburua eta Alex Silva EAJren zinegotzia ere batu dira bazkarira.
Denen izenean, Begoña Errasti Telefonicako langile ohiari egin diote aitortza, aurreskua dantzatuta eta lore eskaintza eginda. 87 urte ditu Errastik, eta 57 urtera arte egin zuen lana Azpeitiko Telefonican. "Hunkituta eta pozik" dagoela azaldu du omenaldian. "Aspaldi ikusi gabeko lankide ohi eta lagun asko elkartu gara bazkaltzeko, eta gustura nago, pozik".
Gaurko urtemuga ekitaldirako prestatutako ekitaldi guztiak ezin izan dituzte egin, eguraldi kaskarragatik. Euria ari zuelako taldeko argazkia Telefonicako lantokia zenaren aurrean, Perez Arregi plazan, atera beharrean Frontoi Txikian egin dutei. Omenaldia ere herriko plazan egiteko asmoa zuten, baina Azoka Plazan egin dute. Errastiri omenaldia egin eta gero, Mari Karmen Arozenak hartu du hitza eta ospakizun eguneko ekitaldiak prestatzen jardun eta lagundu duten guztiak eskertu ditu. Bazkalondoan dantzaldia izan dute disko jartzaile batek girotuta.