Ilusioz eta gogoz dago Oihana Orbegozo (Azpeitia, 1985) Ados Pilotaren Binakako Txapelketaren finala jokatzeko. Ostiralean izango da finala, 20:45ean hasita, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Joan den larunbatean, finalerdia irabazi zuen azpeitiarrak, Iturriagarekin bikotea osatuta, Mujikaren eta Ruiz de Larramendiren kontra (22-8). Ostiraleko finalean aurkariak Oskoz eta Arrastia izango dituzte.
Ados Pilotaren Binakako Txapelketaren ligaxkan bikote onena izan zarete. Zer moduz joan da?
Oso ondo joan da txapelketa. Jokatu ditugun hamar partidetatik zortzi irabazi ditugu, eta aurrenak gelditu gara. Nik uste dut nahiko erregular ibili garela ligaxkan, eta, agian, horregatik lortu dugu sailkapeneko aurreneko postua.
Finalerdian ere txukun aritu zineten: Mujikari eta Ruiz de Larramendiri dezenteko aldea (22-8) atera zenioten.
Finalerdiko partidaren hasiera estua izan zen, bi bikoteak pareko hasi ginen. Bosnakoa egin arte-edo oso-oso parean ibili ginen. Gero, ordea, tanto batzuen aldea atera genien, aurkariak pixka bat partidatik atera egin ziren, eta guk bukaerara arte gure erritmoan segitu genuen.
Iera Iturriaga duzu Binakako Txapelketan bikotekidea. Aurretik txapelketarik jokatuta al zaudete elkarrekin?
Bai, biok batera jokatu izan dugu txapelketa bat edo beste; gainera, esango nuke jaialdi dezente jokatu ditugula elkarrekin. Orain dela bi urteko Binakako Txapelketan ere bikotea osatu genuen, baina finalerdietan kanporatu egin gintuzten. Aldi hartan, finalera iritsi ez izanaren arantza gelditu zitzaigun, eta aurten, finalerdia irabazteak ilusio handia egin digu; orain, sari potoloaren bila joango gara.
Orduan, ostiralean, binakako txapelaren bila joango zarete.
Bai, bai. Behin finalera iritsita, txapelaren bila joango gara. Txapelketaren hasieran ahal den ondoen jokatzea eta pilotan disfrutatzea ziren nire helburuak, baina behin finalerdietara iritsita, finala ere hor zegoen, eta... Gainera, finala Azpeitian jokatu ahal izatea opari bat da niretzat. Orain, finalera iritsita, txapela lortzeko helburuarekin joango gara frontoira.
Finalean Oskoz eta Arrastia dituzue aurkariak. Nolako partida aurreikusten duzu?
Final gogorra izango dela aurreikusten dut. Ligaxkan bi partida jokatu ditugu Oskozen eta Arrastiaren kontra, eta bietan irabazi egin dugu. Haiek, ordea, ligaxkan Barrokalen eta Perezen kontrako finalerdikoan baino irregularrago ibili dira. Finala egun batean jokatzen da, eta edozer pasatu daiteke. Oskoz-Arrastia bikote oso sendoa eta arriskutsua da, igandean jokatu zuten finalerdian ikusi zen zer lan egiteko gai diren eta nolako bikotea osatzen duten. Beraz, finalean lanak oso ondo egin beharko ditugu bikote horri aurrea hartzeko.
Finala etxean jokatzea oparia dela esan duzu, baina horrek presioa ere eragin dezake, ala?
Oparia da finala etxean jokatzea, baina presioa ere eragiten du horrek, nola ez. Gainera, finala dela kontuan hartuta, presioa handiagoa da; ea nerbioak ondo kudeatzen asmatzen dugun. Partidaren hasiera oso garrantzitsua izango da: nahiko nuke hasieratik ondo sartzea neurketan. Era honetako partidetan, tantoak banaka-banaka alde batera joaten hastea hasieratik abantaila handia hartzen joatea da, eta, gero, kostatu egiten da horri buelta ematea. Beraz, finalaren hasiera oso inportantea izango da.
Larunbatean Azpeititik Korrika pasatzen delako, ostiralera aurreratu duzue finala.
Abenduan, Binakako Txapelketaren aurkezpenean, finala martxoaren 28an, 18:30ean, Azpeitian jokatzea aurreikusi genuen. Gero, gure ezusterako, Korrika egun eta ordu horretan Azpeititik pasatzen dela jakin genuen, eta finala bezperara, ostiral iluntzera, aldatzeko apustua egin dugu. Gainera, finaleko sarreretatik ateratako diruaren zati bat Korrikarentzako izango da. Beraz, ea jendea animatu eta giro ona sortzen den finalean; nik uste dut polita izango dela. Azpeitian jende pilotazalea badago, baina askori kostatu egiten zaie emakumeen partidak ikustera joatea, eta pilota zaletasunak gizonentzako zein emakumeentzako, denentzako, izan behar du.
Zu zeu nola zaude finalaren atarian?
Orain ondo nago. Binakako Txapelketaren aurretik ez nenbilen oso ondo, eta lau eta erdiko txapelketan lesio bat eduki nuen. Binakako Txapelketa hasi aurretik zalantza pixka batekin ibili nintzen, lesiotik osatzen ari nintzelako. Binakakoa ondo hasi genuen, eta bikotekide Iera [Iturriaga] izateak konfiantza eman zidan. Txapelketan ondo sentitu naiz, eta oso gustura nago.