"Justizia" aldarrikatu du Pasaiako Sarraskia Argituk, segadaren 42. urteurrenean

Nerea Uranga 2026ko martxoaren 22a

"Benetako egia eta justizia" eta "inpunitatearekin bukatzeko" eskatu dute gaur, Pasaiako Sarraskia Argituk antolatuta Azoka Plazan egindako ekitaldian. 42 urte bete dira Espainiako segurtasun indarrek Pasaiako badian Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztela. Ekitaldian hildakoen senideek, Egiari Zor fundazioko Ainara Fresnedak, Xabi Solano musikariak eta Pasaiako Sarraskia Argituko kideek parte hartu dute.

1984ko martxoak 22. Gaur dira 42 urte Espainiako segurtasun indarrek Pasaiako badian tiroz hil zituenetik Komando Autonomo Antikapitalistako kide ziren Dioni Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Jose Mari Izura Pelu eta Rafael Delas Txapas iruindarrak. Lau hamarkada hauetan, hildakoen senideek Pasaiako segadan gertatutakoak argitzeko nahiz justizia eta aitortza aldarrikatu dituzte, baita haiekin batera Pasaiako Sarraskia Argitu taldea osatzen duten herritarrek ere. Gaur ere "justizia" berretsi dute Azpeitiko Azoka Plazan egin duten 42. urteurreneko ekitaldian. "Hirugarren hanka hori falta zaigu, justiziarena. Aitortza ofiziala iritsi zaigu, baina oraindik ere ez da justiziarik egin", adierazi du Arantxa Isart senideak bere hitzartzean.

Xabi Solano trikitilaria Azoka Plazako oholtzaren gainean, eta barrenean Pasaian hildako lauen argazkiak. Solanoren soinu txikiaren doinuekin hasi da "egia, justizia eta aitortza" aldarritzeko Pasaiako Sarraskia Argituk antolatutako Azoka Plazako ekitaldia. Pasaian hildakoen senideak aurreko aulkietan eserita, eta atzean herritarrak, aulki guztiak beteta eta atzean batzuk zutik. Aurtengo urteurren ekitaldian senide bat falta dutela gogorarazi dute, eta Javier Izura Mundo –Pasaiako segadan hildako Jose Mari Izura Peluren anaia– ekarri dute gogora; iazko abuztuaren 2an hil zen. Haren inguruan hitz egin dute, eta bi dantzarik aurreskua dantzatu eta lore sorta eman diote senideei.

"Inpunitatea"

112 bala zulo; Pasaiako badian hildako lau lagunek zituztenak. Urte hauetan guztietan "ibilbidea luzea eta gogorra" izan dela adierazi dute Pasaiako Sarraskia Argitu taldekoek gaurko ekitaldian. "Egia osoa eta justizia iparrorratz hartuta" egin dute orain arteko ibilbidea. "Hori dena laburbiltzea zaila da ekitaldi batean, baina hitz bat erabili beharko bagenu, honakoa litzateke: inpunitatea", adierazi du Amaia San Vicentek agertoki gainean, Pasaiako Sarraskia Argitu taldearen izenean. Egia eta justizia lortzeko senideek egindako borroka goraipatu, eta ahalegin horrek iaz fruituak eman zituela gogorarazi dute: "Lehen aldiz Eusko Legebiltzarraren 12/2016 legeak sortutako balorazio batzordearen eskutik aitortza ofiziala jaso zen. Txostenak argi dio aurretiaz planifikatutako exejuzio extrajudiziala izan zela". Aitortza hori "urrats garrantzitsua" dela esan dute, "senideen eta herriaren garaipen bat".

Galdera bat: Orain zer? Hori argitzeko, joan den larunbatean Egiari Zor fundazioak eta Pasaiako badian hildakoen senideek mahai ingurua egin zuten. Pasaiako badiako sarraskiko hiltzaileen izen-abizenik ezagutzen ez den bitartean, erreparazioa eta memoria ezin direla egin nabarmendu zuten solasaldi hartan. Aitortza bai, baina "egia osotik eta justiziatik oso urrun" daudela esan dute Pasaia Sarraskia Argituko kideek. Aitortza ofizialak "tantaka" iristen ari direla adierazi dute gaurko ekitaldiaren antolatzaileek: "Hainbat torturatu, Lasa eta Zabala, Rosa Zarra, besteak beste. Afera honen inguruan Egiari Zor fundazioa egiten ari den lana goraipatu nahiko genuke, baita eskertu ere".

Egia osoa eta justizia. "Zigorgabetasunaren horma eraisteko" lanean segitu beharra aldarrikatu du gaurko ekitaldian Ainara Fresnedak Egiari Zor fundazioaren izenean. "Biktima guztiak berdinak" izate hori, estatu indarkeria jasandakoentzat oso zaila dela gaineratiu du. Arlo judizialetik eta polizialetik Pasaiako badian gertatutakoa argitzea eragotzita, "sarraskiaren erantzuleak inpunitatearen itzalpean babestu dira", Fresnedaren ustez. "Inpunitate hori milaka pertsonaren eskubideak urratzea ahalbideratu duen arkitekturaren funtsezko pieza da", erantsi du. Horri guztiari aurre egiteko, Egiari Zor fundazioko kidearen ustez, alde batetik, Pasaiako sarraskia bezalako gertaerak sekula ez direla errepikatuko bermatzeko "mekanismoak bultzatu" beharko dira. Eta, bestetik, agerian jarri beharko da estatuaren aparatuetatik, inpunitate osoz, giza eskubideak urratzea ahalbidetu duen egitura. "Egiak izan behar du egitura hori deusaztatzea sustatuko duen akuilu demokratikoa", gaineratu du. 

"Bigarren mailako biktimak"

Senideek ere hartu dute hitza gaurko ekitaldian. Pasaiako badian hildako bi azpeitiarren anai-arrebek hitz egin dute, eta bai Arantxa Isartek eta bai Peio Aizpuruk gogoan izan dute beren 42 urteotako borrokan bidelagun izandako Javier Izura Mundo.

Justizia aldarrikatu dute Isartek eta Aizpuruk. Aitortza ofiziala jaso duten arren, "bigarren mailako biktima gisa" tratatu izan dituztela kritikatu dute. Aitortza ofiziala lortu arteko "bidea luzea eta neketsua" izan da, Isarten hitzetan, eta bidean lagun izandako herritarrak, eragileak, Pasaiako Sarraskia Argitu taldeko kideak eta Egiari Zor fundaziokoak eskertu ditu.

Hankamotz daude oraindik, "justizia" falta dute. "Jakin behar dugu zeintzuk izan ziren gure senideen hilketan parte hartu zutenak, horregatik benetako egia falta zaigu. Berriro horrelakorik ez gertatzeko bermeak behar ditugu, beraz badugu oraindik bidea egiteko, eta Jaurlaritzari eskatu beharko diogu justizia hori lortzeko bideak jar ditzala", adierazi du Isartek.

"Bidea ez da erraza izan", baina bidean lagun izan dituzten herritarrekin eta gainontzeko senideekin egitea "atsegina" izan da, Aizpurureb arabera. Orain arteko bidea luzea izan bada ere, "justizia" lortu arte lanean segituko dutela nabarmendu du. Aitortza ofizialaren txostenean "justizia" hitza ez dela agertzen azpimarratu du hark, "justiziarik ez badago inpunitatea dago", gaineratu du. "Gure senideak errematatu egin zituzten. Hori horrela uztea nahi dute? Gu ez gaude prest eta justizia lortzeko lanean jarraituko dugu".

Segidan, aitortza ofiziala jaso zuten unea ekarri du gogora Aizpuruk gaurko ekitaldiko hitzartzean. "Txostena Donostiako eraikin bateko sotoan eman ziguten, gela itxi batean, garai bateko klandestinitateko bilera bat zela ematen zuen. Horrela sustatu eta ikusarazi nahi al dute aitortza ofiziala eman digutela? 2024an, Eusko Jaurlaritzak 93 biktima aitortu zituen, eta ekitaldi publiko bat egin zuen, lehendakaria bertan zela. 2025ean bost izan ziren aitortza ofiziala jaso zutenak: Pasaiako lauak eta Rosa Zarraren auzia. Ez dute ekitaldirik egin. Gu gutxiago gara beste biktimak baino? Ez dugu errekonozimendu publikorik merezi? Gure zalantzek hor jarraitzen dute". Hitzartzea bukatzeko, Rosa Zarraren senideak izan ditu gogoan Aizpuruk.

Gertatutakoa gogoan izan eta ahanzturan ez galtzeko, Pasaiako Sarraskia Argitu taldeak webgunea jarri du martxan: Pasaiakosarraskia.eus. Gertakariaren inguruko informazioa, xehetasunak, 40 urtetako borrokaren kronologia, dokumentazioa eta abar bildu dituzte atari horretan. Aurrerantzean ere webgunea osatzen jarraituko dutela esan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide