1984ko martxoaren 22an, gaurko egunez duela 42 urte, Espainiako Poliziak Pasaiako badian (Gipuzkoa) Komando Autonomo Antikapitalistako kide ziren Dioni Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Jose Mari Izura Pelu eta Rafael Delas Txapas iruindarrak hil zituen. Urteurren hura gogoan, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak ekitaldia egin du gaur, igandea, Esklabak Zentro Sozialistan. Jende ugari elkartu da lau lagun haiek oroitzeko, eta haien artean izan da segada hartatik bizirik atera zen Joseba Merino.
Bertsoekin ireki dute ekitaldia, eta amaierako puntuetan nabarmendu dute eraildako lau lagun haiei egin diezaieketen omenaldirik onena "borrokan jarraitzea" dela. Era berean, azpimarratu dute zentroaren belardian dagoen monolitoaren bueltan jarri dituzten arrosek "haien izena" daramatela. Bertsoen ondoren, abesti bat kantatu dute bi lagunek gitarra lagun dutela, eta hitzartzearen aurretik, aurreskua dantzatu dute.
Ekitaldia ixteko, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistako kide batek hartu du hitza. Hark adierazi du Pasaiako sarraskia jazo baino hilabete lehenago Junta de Seguridad del Pais Vasco erakundeko Enrique Casas hil izanagatik erail zituztela Komando Autonomo Antikapitalistako lau kideak. "Nola liteke posible Francoren diktadura bukatu zenean, alegia, demokrazia garaian, horrelakoak gertatzea? Trantsizio ondorengo urteak proletalgoaren aurkako errepresioz betetako garaiak izan ziren Euskal Herrian. Agindutako printzipio demokratikoak gezur handi bat baino ez ziren izan, eta demokraziaren ezarpenak Espainiako Estatuko eliteei eta oligarkiari bakarrik egin zien mesede".
Kontseilu Sozialistako kidearen esanetan langile mugimendua "indartsu" zegoen garai hartan, "borroka sozialaren eta nazionalaren intentsitatea altua" baitzen. Nolanahi ere, "trantsizioa legitimatzeko arazoak larriak" zeuden. "Espainiako Estatuak militanteak atxilotzen, torturatzen eta erailtzen jarraitu zuen, PSOEren eskutik modernizazio errepresiborako prozesua abiatu zuten eta. Atxiloketak, jipoiak, torturak eta erailketak ez ziren faxismoarekin batera amaitu". Gainera, hark nabarmendu du estatu kapitalistetan "proletalgoaren eguneroko ogia" izaten jarraitzen duela egoera horrek. "Gaur gogoan dugun gertakaria estatu kapitalista egiteko gai den basakeriaren adibideetako bat besterik ez da. Kapitalistek eta beraien zerbitzura dauden estatuek edozein modu erabiliko dute beraien irabaziak eta ordena soziala mantentzeko. Kapitalistentzat beharrezkoa da langile mugimendua kolpatzea eta kontrolpean izateko modu guztiak erabiltzea".
Hori esan eta aurrera begira jarrita, zera nabarmendu nahi izan du gaur Kontseilu Sozialistak: "Komuniston eginbehar etikoa eta politikoa da klase zapalkuntza amai zedin bizitza eman zuten militante iraultzaileak gogora ekartzea. Pasaiako sarraskia oroitzeak ezin du memoria ariketa hutsa izan; langile borrokaren gaurkotasuna aldarrikatzeko balio behar du. Zentzu horretan, eraildako lau lagun militanteei egin ahal diegun memoria ariketa onena da, faxismoa eta gerra mehatxua ezaugarritzen diren garaiotan, kapitalismoaren aurka borrokan jarraitzea".