UEMAren bilakaeraren eta egitekoen berri eman du Miren Segurolak

Nerea Uranga 2026ko martxoaren 19a

Miren Segurola UEMAren koordinatzailea eta Josu Albero Naziogintza taldeko kidea, atzo Basazabalen izandako hitzaldian. (Nerea Uranga)

Euskara bidegurutzean zikloko hirugarren hitzaldia izan zen atzo Basazabal jauregian, eta UEMAren koordinatzaileak erakundearen bilakaera eta aurrera begirako ildo estrategikoak azaldu zituen. Naziogintza taldearen zikloko hurrengo saioa apirilaren 16an izango da, immigrazioak euskararengan duen eraginaz jardungo dute Iñaki Iurrebasok, Jon Sarasuak eta Xabier Aierdik.

Naziogintza taldearen Euskara bidegurutzean zikloko hirugarren solasaldia izan zen atzo arratsaldean Basazabal jauregian. Miren Segurola UEMAren koordinatzailea izan zen atzoko hizlaria, eta hark UEMA: Euskararen lurgunea josten izenburuko hitzaldia eskaini zuen. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen sorreraz eta bilakaeraz jardun zuen aurrena, UEMAren lehen lan ildoak eta urteurreneko hausnarketa prozesuaz hitz egin zuen gero, baita prozesu hartatik aterako ondorioez eta lan ildo berriez ere. Horrez gainera, UEMAren ildo estrategikoak zeintzun diren ere azaldu zuen atzo Basazabalen bildutakoen aurrean: "Euskararentzat esparruak irabaztea, herritarren ahalduntzea eta sentsibilizazioa eta udalerrien zaintza eta garapena". 

Urtarrilean hasi zuen Naziogintza taldeak zikloa Jon Sarasua Euskaltzaindiaren Euskararen Gogoetagunea proiektuaren koordinatzaile eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak Euskarak bizi duen bidegurutzean ponentziaren inguruko hitzaldiarekin, eta hurrengo hilabetean, otsailean,  Amande Anin Euskararen Erakunde Publikoko ebaluazio misioko arduradunaren txanda izan zen; hark Ipar Euskal Herriko egoera linguistikoari buruz hitz egin zuen.

Euskara bidegurutzean zikloaren hurrengo saioa apirilaren 16an (19:00, Basazabalen) izango da: immigrazioak euskararengan duen eraginari buruzko mahai ingurua eskainiko dute Iñaki Iurrebasok, Jon Sarasuak eta Xabier Aierdik. Zikloko azken solasaldia, berriz, maiatzaren 12an izango da, eta Kike Amonarrizek euskarak Tolosan (Gipuzkoa) izan duen bilakaera arrakastatsuari buruz hitz egingo du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide