1984ko martxoaren 22an Espainiako segurtasun indarrek Pasaiako badian (Gipuzkoa) hil zituzten Komando Autonomo Antikapitalistako kide ziren Dioni Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Jose Mari Izura Pelu eta Rafael Delas Txapas iruindarrak. Ordutik, hildakoen gurasoek eta senideek Pasaiako segadan gertatutakoak argitzeko nahiz justizia eta aitortza aldarrikatu dituzte.
Aurten ere, Pasaiako segadaren urteurreneko ekitaldia antolatu dute Pasaiako sarraskian hildakoen senideek. Igandean izango da ekitaldia, 12:30ean, Azpeitiko Azoka Plazan. Egia, justizia eta aitortza aldarrikatuko dituzte beste urte batez 42. urtemugaren bueltan antolatu duten ekitaldian.
Kontseilu Sozialistaren ekitaldia
Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak ere Pasaiako segadan hildakoak gogoratzeko ekitaldi politikoa antolatu du iganderako. Azpeitiko Esklabetako Zentro Sozialistan egingo dute ekitaldia, 13:30ean hasita, Oroimena borrokan eraiki lelopean. Ekitaldiaren ondoren, bertaratutakoentzat mokadutxoa egongo da.