1984ko martxoaren 22an Espainiako segurtasun indarrek Pasaiako badian (Gipuzkoa) hil zituzten Komando Autonomo Antikapitalistako kide ziren Dioni Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Jose Maria Izura Pelu eta Rafael Delas Txapas iruindarrak. Ordutik, hildakoen gurasoek eta senideek Pasaiako segadan gertatutakoak argitzea nahiz justizia eta aitortza aldarrikatu dituzte. Aurten ere, sarraskiaren urtemuga gogoan ekitaldiak antolatu dituzte, Egiari Zor fundazioarekin elkarlanean. Gaur egin dute ekitaldi horietan lehena: Aitortza ofizialetik justiziarako bidea izenburupean, mahai ingurua izan da eguerdian Basazabal jauregian.
Solasaldiaren aurkezpena eta moderazioa Bertha Gaztelumendi kazetari, Argituz elkarteko kide eta EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako ikertzaileak egin ditu. Mahai inguruko solaskideak, berriz, gaian adituak diren bi pertsona izan dira: batetik, Jon Mirena Landa EHUn Zigor Zuzenbidean katedraduna eta Giza Eskubide eta Botere Publikoen Unesco Katedraren zuzendaria, eta bestetik, Iratxe Urizar Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiko kidea, Zuzenbidean lizentziatua eta nazioarteko legedian aditua.
Solasaldiari ekin aurretik, aipamen berezia egin diote pasa den udan zendu zen Francisco Javier Izurari, Jose Mariren anaia zenari. Horren ostean, Gaztelumendik testuinguruan kokatu ditu 1984an Pasaian gertatutako hilketak. "Bizitzeko eskubidea urratu zieten bortizki poliziek eta guardia zibilek. Gertakari horietan, Rosa Jimenok eta Joseba Merinok torturak salatu zituzten. Harrezkero, 42 urte igaro dira, eta berriz ere estatuak, bere justizia administrazioa baliatuz, egia estali nahiz isiltasuna eta zigorgabetasuna inposatu ditu. Hala eta guztiz ere, familiak eta gertukoak izan dira hasiera-hasieratik egiaren eta justiziaren bila biziki saiatu direnak eta saiatzen ari direnak. Joan zen urtean, senideek aitortza ofiziala lehen aldiz jaso zuten Eusko Legebiltzarraren 12/2016 legeak sortutako Balorazio Batzordearen eskutik. Bertako mediku forentseen txostenean, ondorio gisa zera esaten da: kasu honetan, gertakarietatik ondorioztatzen da lau pertsonak bizitza galdu zutela Poliziak nahita aurretiaz planifikatutako ekintza baten ondorioz, eta bizitza kentze hori nahita egindakoa izan zela".
Katedraren txostena eta Balorazio Batzordea
Balorazio Batzorde horrek gauzatutako dokumentuaren aurrekaria eta oinarria da EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrak egindako Pasaiako badiako gertakariei buruzko txostena. Eusko Jaurlaritzak 2019an eskatu zion EHUko Katedrari gertakari horiek argitzeko ikerketa bat egitea, eta gaurko mahai inguruan parte hartu duen Jon Mirena Landak gidatu zuen lana. Balorazio Batzordeko kidea ere izan da Landa hasieratik.
Egindako ikerketen berri eman du hark. "Ez naiz egiaren jabe, eta balantze bat egitea da gaurkoan nire helburua", esanez hasi du hitzartzea. Bi adar izan ditu mintzagai saioan: batetik, Katedraren ikerketa izan du hizpide, eta bestetik, Balorazio Batzordearen lana. Gaia testuinguruan kokatuz, aipatu du zigor zuzenbidean erailketak direla "deliturik larrienak". Delitu bat gertatzeak eskubide batzuk ekartzen dituela berekin adierazi du: tartean, justizia eskubidea. "Baina estatuak eskubide hori egikaritzen ez duenean, giza eskubideak urratzen dira", azaldu du. Beraz, Pasaiako sarraskia "giza eskubideen urraketa larria" izan zela nabarmendu du. "Indarkeriaz jositako testuinguru batean" gertatu ziren hilketak, Landak esan duenez. "Pasaian gertatutakoa ez zen izan kasu isolatua; patroi baten arabera funtzionatzen zuen estatuak".
1984an gertatu ziren hilketak, baina Landak nabarmendu du ez zela justiziarik egin, ez zutelako ikertu kasua, eta berehala artxibatu zutelako. Horren aurrean, EHUko Katedraren txostenak hainbat emaitza eman zituen: Poliziak segadan parte hartu zutenak identifikatzeko oztopoak jarri zituela; gertaerak jazo eta hiru hilabetera artxibatu zutela kasua, eta ez zutela berriro zabaldu 2000. urtera arte –hamasei urte eman zituzten ikertu gabe–, armarik erabili izanaren zantzurik ez zegoela, hilketaren eremuko argazki erreportajeak desagertu zirela...
Ondorio nagusia izan zen, "garbi" dagoela "giza eskubideen urraketa larria" izan zela Pasaian gertatutakoa; alegia, "judizioz kanpoko exekuzioa" –bizitza eskubidearen aurkako eraso larrien termino juridikoa da hori–. Era berean, halako ikerketa bat egin eta Jaurlaritzari entregatu ostean, erakunde horrek egin zuen kudeaketa "penagarria" izan zela ere salatu du Landak.
Katedrak zeuden informazio iturriak baliatuz atera zituen ondorioak, ez duelako berez ikertzeko eskumenik, baina Balorazio Batzordeak bai. Hainbat adituk parte hartu zuten txostena kaleratu ondoren osatu zuten batzorde horretan: forentseek, historialariek... Autopsiak berriro aztertu zituzten, eta bertsio ofizial bat ematea lortu zuten horrela: "Judizioz kanpoko exekuzioaren hipotesia sendotu zen".
2005ean Nazio Batuen Erakundeak (NBE) printzipio batzuk onartu zituela gogorarazi du Landak: egia, justizia, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak eta memoria. Horiek oraindik ez direla bete adierazi du: "Egia osoa ez dugu, egia zati bat baino ez. Bidean aurrera egin dugu, biktimek eta herriko sektore batek bultzatuta. Justizia zentzu hertsian ez dugu lortu, erantzule indibidualak zein diren ez dakigulako. Behar bezalako kalte ordainik ez da heldu, eta halako gertaerak ez errepikatzeko neurriak ez dira hartu. Memoria politikoa ere hanka motz gelditu da". Hiltzaileen izen-abizenak hainbeste urtean ezkutuan mantendu izanaz, berriz, Landak azaldu du "jende asko isildu" dela, eta horri buelta eman behar zaiola. "Hori da ez errepikatzeko neurria, eta orduan hitz egin ahal izango dugu memoriaz gure herrian".
Hark uste du NBEk zehaztutako bost zutabe horiek betetzea eskatu behar dutela, eta, aldi berean, estrategia ona izango litzatekeela Egiaren Batzordeetan eskakizun horiek bermatzeko lanean jarraitzea. "Ikertzeko gaitasuna handitu daiteke, eta ikertzeko gaitasunak ekarriko luke hiltzaileak nortzuk izan ziren jakitea". Bi gauzak konbinatu behar direla uste du.
Nazioarteko bidea
Iratxe Urizarrek nazioarteko legedian esperientzia handia du, eta arlo horretaz mintzatu da Basazabalen. Estatuaren biktimak laguntzeko sortu zuten Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiko kideak adierazi du "oso deigarria" egin zitzaiela nazioarteko justizia esparruan Espainiako Estatuan horrelako errealitate bat topatzea. Haren arabera, erreparazioa ezin da ezberdindu biktimaren arabera. "Ez da kasualitatea biktimek duten ideologiaren arabera urratzea horien giza eskubideak: segun eta nor zaren, hil edo torturatu egingo zaitut. Estatu batek ezin du hori egin". Kasuaren aurrean oraindik erresistentziak badaudela adierazi du, baita gabeziak ere, eta oraindik lan egin behar dela. "Orain dela urte batzuk ez genukeen imajinatuko Pasaiako sarraskian gertatutakoaren harira aitortzarik etorriko zenik, eta hori lortu dugu. Biktimek eta guk indar eginda, gabezia horiek betetzen joan behar dugu", esan du.
Peio Aizpuru senideak hartu du hitza segidan; zigor penalean, momentuz kasua itxita dagoela gogoratu du, eta "zaila" izango dela bide horretatik aurrera egitea. Dena den, Sekretu Ofizialen Legea indargabetzea bide bat izan daitekeela adierazi du; "estatuaren segurtasuna babesten du lege horrek". Familiek, orain, nazioarteko errekonozimendua lortu nahi dute. Jaurlaritzaren aitortza jaso dute, baina hildakoak biktima gisa aitortzeko ekitaldirik ez dela egin salatu du Aizpuruk. "Beste biktimek baino eskubide gutxiago al ditugu guk?". Gauza askotan "atzetik ibili behar" duten sentipena dutela esan du, "borondaterik ez" dutela ikusten, baina lanean jarraituko dutela. Gainera, estatuaren indarkeria jasan dutenak gertatutakoa salatzera animatu ditu, estatuak zer kalte eragin zuen kuantifikatu ahal izateko.
Hark eskerrak eman dizkie publikoki Katedraren txostenean nahiz Balorazio Batzordean parte hartu zutenei, baita publikoan ziren guztiei ere. "Zuengatik ez balitz, honezkero errenditu ginen", esan du.