Xabier Aranbarri Sorkuntza Bekak izen berriarekin zabaldu dute sormen beketan izena emateko epea

Iraia Oteiza 2026ko martxoaren 14a

Xabier Aranbarriren senideak, udalaren oroigarria jaso ostean.

Apirilaren 13ra bitartean aurkeztu ahal izango dira deialdi berrirako sormen proiektuak. Era berean, iaz beka hori jaso zuten zazpi sortzaileek beren lanen emaitzak aurkeztu zituzten atzo, ostiralez, Betharram aretoan. Aurkezpena eginda, lanak ikusgai izango dira martxoaren 22ra bitartean. 

Kultur arloko egitasmoak bultzatzeko asmoz, 2017. urtetik Sorkuntza Bekak banatzen ditu Azpeitiko Udalak Kulturaz kooperatibaren laguntzarekin. Orain arte, Sorkuntza Bekak izena hartu du ekimenak, baina izen berriarekin aurkeztu dute hurrengo deialdia; Xabier Aranbarri Sorkuntza Bekak izenpean banatuko dituzte hemendik aurrera sormen bekak. Xabier Aranbarri Kulturaz kooperatibaren kudeatzailea zena omentzeko erabaki dute sormen bekei izena aldatzea. 

Aurtengoan ere 20.000 euro bideratuko dituzte artisten sormenera, eta sortzaileek apirilaren 13ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte proiektuak. Beken helburua da kulturaren eremuren batean lanean aritzen diren pertsonei sorkuntza prozesuan laguntzea. Artisten irudimenetik eratorritako lanak bultzatzea dute xede bekek; hain zuzen ere, musika, pintura, eskultura, literatura obrak, antzezlanak, ikus-entzunezkoak, komikiak, soinu konposizioa, dantza edo beste diziplinaren batekin lotutako lanak gauzatu ahal izango dituzte herritarrek beken bidez.

Halaber, beka deialdira proiektuak aurkezteko hainbat baldintza bete beharko dira. 16 urtetik gora izan beharko dituzte herritarrek, eta Azpeitiko Udalak dirulaguntzak emateko eratutako ordenantza arautzailearen hamargarren artikuluan jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Bestetik, udalak beka ukatzea eragin dezaketen arrazoiak ere zehaztu ditu: ibilbide luzeko artista izatea (arlo jakin batean 5 urtetik gorako eskarmentua edukitzea), kultur arloren batetik urtean 28.000 euro gordin baino gehiagoko diru sarrerak eskuratzea, eskaera egiten duena elkarte bat izatea, aurreko deialdietan sorkuntza bekaren onuradun izatea (proiektua diziplina berekoa bada) eta proiektuak indarkeria bultzatzea edo indarkeria motaren bati apologia egitea.

Bekaren oinarriei eta aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko informazio guztia honako lotura honetan eskura daiteke.

Bekaren gaineko azalpenak emateko saioetan parte hartu nahi dutenek, helbide honetara mezu elektronikoa bidali beharko dute. 

Iazko irabazleen lanak, ikusgai

Atzo, ostiralez, 2025ean beka jaso zuten zazpi sortzaileek beren proiektuak aukeztu zituzten Betharram aretoan. Besteak beste, pintura, arte eszenikoak, bideojokoak, eskulturak, arkitektura edota marrazketa digitala landu dituzte euren sormen proiektuetan. Zazpi sortzaile horietatik bostek, Martzel Do Nascimiento Goiriak, Sara Agiriano Umerezek, Irene Balzategi Arkauzek, Irune Aramendi Alberdik eta Arriet Aldalur Lizasok, kultur sorkuntzaren arloko beka jaso zuten. Aldiz, beren sorkuntza proiektuak garatzeko Dinamoan egonaldia egiteko laguntza jaso zuten Irene Zarrabeitia Mendezek eta Xabi Jabato Lopez Jimenok.

Aitor Larrañaga eta Leire Sarasua Azpeitiko Udaleko zinegotziek egin zieten harrera artisten lanak ezagutzera Betharram aretora gerturatu ziren herritarrei. Horrez gain, azaldu zuten Xabier Aranbarriren heriotzaren jakitun izan zirenean, udalak idatzi bat egin zuela barru-barrutik atera zitzaizkien hitzak bilduz. Idatzi hori paperera pasata, oroigarri gisa Xabier Aranbarriren familiari eman zioten aretoan bertan, musu eta besarkada artean. 

Atzetik, artistek beraiek, azken urtean landu dituzten obrei buruzko azalpenak eman zituzten:

Argirik gabeko mundua, pantailaren bestaldean 

Mundu bizia, desberdina eta errealitatearekin zerikusi gutxi duena sortu nahi izan du Arriet Aldalur Lizaso (Azpeitia, 2001) artistak, eta bideojoko batean islatu du ideia hori. Ilun izena jarri dio proiektuari, bideojokoko argia izpi bat beharrean airean dagoen partikula delako, eta bertako izakiek kontzientzia lortzeko argi hori kontsumitzen dutenez, argia pixkanaka betirako galtzen doalako. "Asko gustatu zait bideojokoan mundua kontzeptu bezala nola geratu zaidan", azaldu du artistak. 

Arriet Aldalur bere bideojokoaren inguruko azalpenak ematen. 

Ezohiko paseoa

Paseoan zebilela, "hitzez deskribatzea zaila den sentsazioa" izan zuen Irune Aramendi Alberdik (Azpeitia, 1993), eta, bizipen horretatik abiatuta, pinturan eta marrazkian oinarritutako Zuri lila hori lana garatu du. Irudiak sortu beharrean, koloreak erabili ditu Aramendik paseoko bizipenetara gerturatu ahal izateko. Artistaren arabera, "sortze prozesuan intuizioak eta memoriak garrantzi handia izan dute; baita paisaiak eta inguruneak ere". 

Irune Aramendi, atzean bere lana duela. 

Ur biltegi zaharra

Bere etxe ondoan dagoen antzinako ur biltegian memoria eta materia nola gainjartzen diren aztertu du Sara Agiriano Umerezek (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1998), denboran geldirik gelditu den arkitektura lurrean inskribatutako gorputz gisa ulertuta. "Ur biltegiaren hodiek, balbulek eta hezetasunek behin zer izan zen kontatzen dute. Hori dela eta, erabilerak, oroitzapenak eta fikzioak pilatzen dituen espazio bezala interpretatu dut", dio artistak. Palinpseto izena jarri dion lanean "arkitekturaren eta naturaren arteko mugak lausotzen dira, arkitektura paisaia bihurtuz, eta paisaia, artxibo". Era berean, espazio publiko eta pribatuaren arteko mugak ere desagertu egiten direla azaldu du Agirianok. 

Sara Agiriano, atzean bere lanaren argazkiak dituela. 

Diruaren balioa

Zubiak izeneko lanarekin, gaur egungo pinturaren balioa eta legitimitatea sendotu nahi izan ditu Martzel Do Nascimiento Goiria (Bilbo, Bizkaia, 1997) artistak. Adierazi duenez, "pintura merezi duen arretarekin eta mimoarekin lantzen bada, ikuslearen begiek koadroaren gorputza ukitu dezakete". Hori horrela, pinturaren kalitate fisikoa landu nahi izan du, egungo diruaren eta haren pertzepzioaren arteko paralelismo bat sortuz. Robert Kalina diseinatzaileak 1996an diseinatutako euroaren billeteen eredua hartu du proiektuaren ardatz gisa. Hark erabaki zuen billete bakoitzaren balioa ate eta leihoekin irudikatzea aurrealdean, eta zubiekin atzealdean. Azken ideia horrek eman dio izena artistaren sormen proiektuari. 

Martzel Do Nascimiento, bere lanaren inguruko azalpenak ematen.

Mundua plato batean 

Plató kalerako antzezlan satirikoa, dibertigarria eta eroa sortu du Xabi Jabato Lopez Jimenok (Oiartzun, Gipuzkoa, 1987). Antzerki fisikoa, objektuak, zuzeneko musika, ikus-entzunezkoak eta dantza uztartu ditu proiektuan, eta fikzioa eta errealitatea uneoro nahasten diren telebistako plato baten formatuan aurkeztu du lana. "Gaurko gonbidatuak platoan erlijio judeokristauko figura ikonikoenak dira, eta haien bidez agerian geratzen dira mendeetan errepikatu eta sinetsi ditugun fikzioak, konbentzioak eta uste faltsuak". Ikusleak, ezustean, telebista plato bateko publiko bilakatzen dira. 

Xabi 'Jabato' Lopez, bere antzezlanaren irudi bat pantailan duela.

Egia ote?

"Egia" ikertzen duen collage eszeniko bat osatu du Irene Zarrabeitia Mendezek (Abadiño, Bizkaia, 2000). Dantza, testua, irudi espezifikoak, zuzeneko kamera edota mikroskopiko zientifikoa bezalako materialak eta hizkuntzak erabili ditu bere proiektua osatzeko. "Obra performatibo honetan, egiaren eta irudiaren propietateak zalantzan jartzen ditugu. Zer da egia? Zein materialekin eraikitzen da? Akastuna izan al daiteke? Barnean gune hutsak al ditu?"

Stone Age, Deadline izeneko proiektuaren aurkezpenean, bideo bat proiektatu zuen aurrena Zarrabeitiak, eta proiektuaren nondik norakoak azaldu zituen ondoren. 

Irene Zarrabeitia, mikroskopioarekin ateratako irudi bat atzean duela. 

Irakurriz konektatu

Erdi mendi, erdi oroidi, erdi ur  Irene Balzategi Arkauz (Oñati, Gipuzkoa, 1993) artistaren lana Azpeitiko garbitoki publikoan eta bere ibaietan kokatuta dago. Lan egiteko, zaintzeko, abesteko eta atseden hartzeko gune gisa ageri da garbitokia, eta ura, kantua nahiz gorputza ditu ardatz Balzategiren proposamenak. "Proiektuak gure izaera urtsu, porotsu eta erlazionala ekartzen digu gogora; baita elkarrekin konektatuta dauden gorputzak garela eta ingurunearekin etengabeko sintonian gaudela ere".

Bere proiektua aurrera ateratzeko irakurketa oso garrantzitsua izan zela azaldu zuen artistak. Ondorioz, berak egindako praktika bat Betharram aretora bertaratu zirenekin egitea gustatuko litzaiokeela adierazi zuen hark, eta lurrean etzanda, Blanca Ariasen Blandito blandito liburuaren pasarte bat irakurri zuen, gaztelaniaz, aretoan zeuden guztiak lurrean eserita zirela. 

Irene Balzategi, 'Blandito blandito' liburuaren pasarte bat irakurtzen.

Martxoaren 22ra arte Betharram aretoan ikusgai egongo dira aipatutako sormen lanak. Astegunetan 18:00etatik 20:00etara, eta larunbat eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara irekiko dute erakusketa hori.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide