Hasiera batean Ados Pilotak antolatutako Binakako Txapelketaren finaleko partidak martxoaren 28an jokatzekoak ziren Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, baina pilota elkarteak data aldatzea erabaki du, Korrika egun horretan Azpeititik igaroko delako. Horrenbestez, aurreko egunean, hilaren 27an, ostiralez, jokatuko dituzte txapelketaren final handiko partidak.
Data aldaketa horrek, halaber, mugarria jarriko du: emakumeen pilota profesionalaren historian aurrenekoz, gaueko jaialdia egingo dute. Finaleko partidak 20:45ean hasiko dira Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.
Jaialdirako sarrerak adospilota.eus webgunean eskuratu ahal izango dira martxoaren 16tik aurrera, 15 euroren trukean.
Jaialdia egunez aldatzeko erabakiarekin, Korrika oztopatu gabe herritarrak bi ekimenetan –Korrikan zein pilotan– parte hartzera animatu nahi ditu Ados Pilotak. Era berean, elkarteak jakinarazi du finaletako sarreren bidez bildutako diruaren zati bat Korrikarentzat izango dela, "kirola, pilota eta euskara norabide berean jarriz".