Hasiera batean aurreikusitakoa baino eragozpen gehiago sortuko dituzte Ezkuztako zubiko lanek asteburuan. Larunbateko 06:00etatik hasi eta igandeko 22:00etara bitartean, ibilgailu pribatuentzat erabat itxita egongo da zubia, baita Magdalenako sarbidea ere.
Larunbatean, 06:00etatik 14:00etara, Ezkuztako zubia eta Magdalenako bidea, biak itxita egongo dira ibilgailu guztientzat, baita autobusentzat eta taxientzat ere. Larrialdi zerbitzuek soilik izango dute horietatik pasatzeko aukera.
Larunbateko 14:00etatik igandeko 22:00etara ere zubia itxita egongo da, baina garraio publikoak –autobusak eta taxiak– nahiz larrialdiren bat dutenek Magdalenako errepidetik barrena izango dute GI-631 errepidera sartzeko aukera.
Igandean 22:00etatik aurrera, berriz, Ezkuztako zubia irekita egongo da, eta orain bezala semaforoekin txandaka bideratuko dute trafikoa. Horrez gain, ibilgailu guztiek izango dute Magdalenatik barrena GI-631 errepidera sartzeko aukera.
Hori horrela, asteburuan semaforoak jarriko dituzte Magdalena auzoko trafikoa kontrolatzeko; era berean, errepidea estua denez eta autobusek pasatzeko aukera izan dezaten, ezingo da aparkatu Magdalenako errepide bazterreko aparkalekuetan. Azpeitirako sarreretan ere obren berri ematen duten kartelak jarriko dituzte.
Itxita egongo diren errepide zatiak saihesteko baserri bideak ere badauden arren, horietatik ez joateko gomendioa luzatu du Azpeitiko Udalak, bide horiek trafiko handiarentzat prestatu gabe daudelako. Ondorioz, Zestoa aldera Elgoibartik joateko eskatu die herritarrei.