Datozen asteburuetarako askotariko ekintzak antolatu ditu Azpeitiko Ekoetxeak

Iraia Oteiza 2026ko martxoaren 9a

Helduei nahiz familiei zuzendutako bost esperientzia prestatu dituzte martxoko datozen asteburuetarako Ekoetxean. Saio horiek doakoak izango dira, baina parte hartzeko aurrez izena eman beharko da.

Datozen hiru asteburuetarako helduei zein familiei zuzendutako askotariko ekintzak antolatu dituzte Azpeitiko Ekoetxean. Igandean, hilak 15, tinte naturalak egiteko aukera izango da; hilaren 21ean, ibai bazterrera irteera botanikoa egingo dute; martxoaren 22an, Erreka Mari haurrei zuzendutako ekintza egingo dute; martxoaren 28an, gazta egiteko aukera egongo da, eta martxoaren 29an Uraren Nazioarteko Egunari lotutako Lurra, amalurrari gorazarre ekintza egingo dute. Saio guztiak doakoak izango dira, baina parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da. 

Tinte naturalak egiteko aukera izango da igandean, hilak 15. 18 urtetik gorakoentzako ekintza da, eta euskaraz nahiz gaztelaniaz eskainiko dute saioa, 11:00etatik 13:00etara bitartean. Bertaratzen direnek jaki hondakinetan eta landareetan jatorria duten pigmentuak ezagutzeko eta tindatzeko teknikak ikusteko nahiz ikasteko aukera izango dute. Parte hartzaile bakoitzak 50×50 zentimetroko oihal bat landuko du, eta etxera eraman ahal izango du ondoren. Saioan parte hartzeko izena eman behar da honako loturan

Martxoaren 21ean ibai bazterrak ezagutzeko irteera botanikoa egingo dute Ekoetxetik abiatuta. 18 urtetik gorakoei zuzendutako ekintza izango da, euskaraz, eta 10:30etik 12:30era bitartean egingo dute irteera. Sendabelarrak sortzen diren lekuak ezagutzeko, sendabelarrak identifikatzeko eta horien erabilera praktikoak ezagutzeko ekintza izango da. Saioa doakoa da, baina aurrez izena eman behar da lotura honetan

Hilaren 22an, berriz, haurrei zuzendutako Erreka Mari ekintza egingo dute Ekoetxean eta haren inguruetan. 5 urtetik gorako haurrek izango dute parte hartzeko aukera, 10:30ean hasita. Erreken sorrera, gazitasuna, Erreka Mari eta Itsas Lamiak uztartuko dituen ipuin bat kontatuko du Eneritz Iparragirrek, eta bertaratzen diren haurrek adi entzun beharko dute ipuina, ondoren Erreka Mariren urrezko orrazia aurkitu ahal izateko. Errekaren inguruan jasotako materialekin Erreka Mariren pertsonaia sortu eta apainduko dute ondoren, eta eskulana etxera eramateko aukera izango dute parte hartzaileek. Izena honako loturan eman beharko da. 

Martxoaren 28an, gazta egiteko aukera izango da Ekoetxean, Sakona Komuntzo Etxalde Ekologikoko kideen laguntzarekin. Esnea etxalde arduratsuetan lortzen denetik gazta bihurtzen den arteko prozesua ezagutuko dute parte hartzaileek, jasangarriak eta naturarekiko errespetuzkoak diren praktikak sustatuz. Ekintzaren amaieran, nork bere gazta etxera eramateko aukera izango du. Familiei zuzendutako ekintza da, eta 4 urtetik gorako haurrek parte har dezakete han. Plaza guztiak beteta daude. 

Martxoko ekintzekin amaitzeko, hilaren 29an, Lurra, amalurrari gorazarre familiei zuzendutako ekintza egingo dute, 10:30ean hasita. Uraren Nazioarteko Egunari lotuta egingo duten ekintzetako bat izango da, eta 6 urtetik gorako haurrek izango dute parte hartzeko aukera. Zorione Mendez adituak lurrean dagoen uraz hitz egingo du eta, eguraldiak laguntzen badu, Ekoetxearen inguruan dauden naturako elementuak baliatuz intsektu ezberdinak irudikatuko dituzte, eta mandala handiak sortuko dituzte. Parte hartzeko, izena lotura honetan eman beharko da. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide