Salgai daude San Jose trikiti jaialdirako sarrerak

Julene Frantzesena 2026ko martxoaren 5a

Hainbat trikitilari iazko jaialdian.

San Jose egunez egingo dute jaialdiaren aurtengo edizioa, 17:30ean hasita, Soreasu antzokian. Trikitiaren munduan bidea urratu duten hainbat lagunek parte hartuko dute soinu txikiaren eta panderoaren bueltako festan. Azkoitiko Martirieta auzoko Egurrola anai-arrebak eta Sakristaua omenduko dituzte aurten.

Martxoaren 19an, San Jose egunez, egingo dute egunaren izenaren jabe den trikiti jaialdia. Hitzordu horren 36. edizioa izango da aurtengoa, eta 17:30ean hasita hainbat trikitilari igoko dira Soreasu antzokiko agertokira.

Hain zuzen ere, trikitiaren munduan bidea urratu duten hainbat lagunek parte hartuko dute soinu txikiaren eta panderoaren festan. Honako musikari nahiz talde hauek eskainiko dituzte piezak: Trikipote; Sahatseta, Ansorregi eta Larrañaga; Trikilintxo; Xabier Etxaniz eta Uxue Kerejeta; Azkoitiko Gazteak; Izer eta Alabier; Imuntzo, Beloki, Jauregi eta Jokin Egurrola; eta Iker Allur, Axier Txibilter, Itzeder zein Lidia.

Aurten, Azkoitiko Martirieta auzoko hiru kide omenduko dituzte: Mailu Sudupe Zubizarreta eta Joakin Sudupe Zubizarreta Egurrola anai-arrebak eta Joxe Mari Arrizabalaga Sakristaua. Trikitilariak dira Joakin Sudupe eta Joxe Mari Arrizabalaga, eta pandero jotzailea da Mailu Sudupe. 

Emanaldirako sarrerak hamabost eurotan eskura daitezke Kulturaz kooperatibaren webgunean. Sarrera gutxi batzuk baino ez dira gelditzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide