Karlos Iriarte: "'Negu paisaia' diskoa grabazio gordina da, garbi-garbia"

Aroa Zamora 2026ko martxoaren 5a

Karlos Iriarte, diskoa grabatzen. (Utzitakoa)

Aurreneko diskoa aurkeztuko du gaur Karlos Iriarte azpeitiarrak Dinamoa sormen gunean. Jose Luis Otamendiren hitzekin egindako abestiak bildu ditu Iriartek bere lehen lanean.

Etxeko hormen artean gelditzeko proiektu gisa hasi zuen Negu paisaia Karlos Iriartek (Azpeitia, 1960), baina gitarra eta ahotsa oinarri dituen disko hori argitaratzera bultzatu dute haren senide eta adiskideek, eta gaur aurkeztuko du jendaurrean, 19:00etan, Dinamoa sormen gunean. Folk doinuekin batera, Jose Luis Otamendi idazle azpeitiarraren hitzak entzungo dira Iriarteren ahotsean.

Une hartan zertan bihurtuko zen ez zekien arren, 1982an hasi zuen proiektua azpeitiarrak; bere lagun mina zen, eta oraindik ere baden, Jose Luis Otamendik Egunsenti biluzia lehen poesia liburuxka kaleratu zuen garaian. "Erronka modura, liburuko poema batzuk musikatzea okurritu zitzaidan. Liburu hartatik bi abesti egin nituen; gero, beste liburu bat atera zuen, eta hortik beste abesti bat egin nuen; hurrengo liburuarekin beste kanta bat sortu nuen... Eta horrela hasi nintzen", azaldu du Iriartek. 

Abestiak sortzeko desafioa alde batera utzi zuen 1995ean, gitarra jotzeari utzi zion garaian; izan ere, alaba jaiotzearekin batera, lanari eta familiari denbora gehiago eskaintzen hasi zen, musika bigarren mailan utziz. Konfinamendua hasi zenean, ordea, berriro musika proiektu etxekoiaren sustraiak lantzen hasi zen Iriarte. Izan ere, etxean gordeta zeuzkan 40 urte lehenago paperetan idatzitako kantak: "Pila bat nituen. Konfinatuta geundela, nire abesti guztiak ordenatzen hasi nintzen. Eta, gero, jubilatu naizenean, txukundu egin ditut". Alabaren gomendioz, kantak modu txukun batean grabatzera animatu zen azpeitiarra.

Grabaketa iazko irailaren 8an hasi zuten, eta egunean bertan amaitu, nahiz eta estudioa bi egunetarako hartuta zuten. "Kanta bat soilik errepikatu nuen: Negu paisaia. Eztarria ez nuen guztiz ondo, eta hasieran altu samar abestu nuen". Dena den, azken emaitzarekin gustura dago Iriarte, eta efekturik nahiz ukiturik gabeko diskoa dela nabarmendu du: "Grabazio gordina da, garbi-garbia. Horrelaxe egin nahi nuen, etxerako nahi bainuen".

Bilatu gabeko aurkezpena

Diskoaren aurkezpena egitea inoiz ez zen Iriarteren asmoen artean egon; proiektua berarentzat eta etxekoentzat soilik gorde nahi zuen. Baina gertuko batzuek, besteak beste Otamendik, grabaketa entzun zutenean, musikaria konbentzitu egin zuten Negu paisaia disko gisa aurkezteko: "Gero, guztiarekin pilota handi bat egin zen, eta orain, hementxe gaude", dio sortzaileak, hitzorduaren atarian. 

Negu paisaia ez da diskoaren izenburua edota diskoko abesti bat soilik; diskoaren azala ere bada, elurtutako Xoxote erakusten baitu. "Etxeko leihotik ikus dezaket Xoxote. Gainera, oso gustuko dugu mendi hori Jose Luisek eta biok". Hain zuzen, Luis Uzin artista azpeitiarra izan da azalaren zein barruan ageri diren ilustrazioen egilea: "Azala edukia baino hobea dela esaten diot berari". Bestalde, maketazioa eta diseinu digitala Leire Iriartek eta Eider Galarragak –Iriarteren alabak eta ilobak– egin dituzte, eta denen artean "lan oso txukuna" egin dutela dio musikariak. Disko gehienak etxekoen eta lagunen artean banatuko ditu, eta sobran geratzen direnak 10 eurotan saldu.

Lan ibilbide profesionalean tekniko komertziala izan den arren, nabaria da Iriartek betidanik izan duela musika gustuko. 16 urte zituela hasi zen gitarra ikasten, kuadrillako lagun bat ikastaroak ematen hasi zenean, herriko festak laster baitziren, eta diru pixka bat ateratzeko asmoz. Hala ere, orduan ez zegoen gitarrarik Iriarteren etxean: "Pianoa, akordeoia, trikitia, panderoa, txistua, flauta... guztiak zeuden gure etxean, baina gitarrarik ez". Zorionez, bazegoen gitarra bat bere lagun min Otamendiren etxean, eta hura izan zen Iriarteren lehen akordeen lekuko. Otamendiren gitarrarekin hasi zen sortzen Iriarte, eta, urte batzuk geroago, Otamendiren hitzekin osatu du diskoa. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide