Uztailaren 20ko istiluen auzian akusazio partikular gisa aurkeztu da udaltzain bat

Mailo Oiarzabal 2026ko martxoaren 4a

Plaza Txikia eta Enparan kalea, uztailaren 20ko gertaeren kokaguneetakoak. (Nerea Uranga)

Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak salatu du akusazio partikular gisa aurkeztu dela udaltzain bat Gaztetxearen urteurreneko ospakizunetan izandako istiluen kausan. Bestetik, maiatzera atzeratu dituzte auziko ikertuen azken deklarazioak.

Azpeitiko udaltzain bat akusazio partikular gisa aurkeztu da Gaztetxearen azken urteurreneko gertaeren auzian. Horrela jakinarazi du Azpeitia Errepresioaren Aurka taldeak, besteak beste iazko uztailaren 20ko gertaeren ondorioz ikerketapean dauden 23 herritarren babeserako eratutako plataformak.

2025eko uztailaren 20ko goizaldean, Gaztetxearen urteurren ospakizunen bueltan istiluak izan ziren hainbat gazteren, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren artean. Gertaera haietan desordena publikoa eragitea eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua egotzita jarri zituen auzibidean 23 lagun Ertzaintzak, eta orain udaltzain bat ere batu zaio auzibideari, akusazio partikular gisa, Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak jakinarazi duenez. Azken horrek emandako pausoa salatu du plataformak: "Orain arte udaltzainek eduki duten jarrera biktimista gutxi ez, eta Voxek bere garaian egin zuen antzera, herriko gazteak zuzenean justiziaren jomugan jarri ditu".

Plataformaren ustez, akusazio partikular gisa aurkeztu den udaltzainaren erabakiak erakusten du, "EH Bilduk bere garaian saldu nahi izan zuenaren kontrara", udaltzainek ere badutela ardura, "eta ez soilik ertzainek", joan den uztaileko gertakarien ondoren martxan jarritako prozedura judizialean: "Birritan adierazi dugun bezala, beraiek [udaltzainak] izan ziren uztailaren 20an ertzainei deitu zietenak eta beraiek egon ziren ertzainekin batera gazteak jipoitzen".

Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak hasieratik defendatu izan duen bertsioa berretsi du eta poliziari egotzi dio "Gaztetxeko urteurreneko festa giroa zapuztu" izana, "pila edukiontzi batean egindako pintaketa bat aitzakiatzat hartuta". Era berean, "babesa" adierazi die "alderdi politikoek eta sindikatu polizialek gauzatutako kriminalizazio kanpainaren ondorioak jasaten ari diren gazteei", eta eskerrak eman dizkie "egoera bidegabe honen aurka alea" jartzen ari direnei.

Deklarazioak, atzeratuta

Joan den ostegunean ziren epailearen aurrean deklaratzekoak ikerketapean dauden 23 lagunetatik azken laurak, baina itzultzailea falta zela eta, ez zuten deklaratu.

Izapideak atzeratuta, maiatzaren 20an deklaratuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide