Domusa Teknik 40 MLKen entrenamendu irekiak antolatu dituzte martxoaren 14rako eta 28rako

Nerea Uranga 2026ko otsailaren 26a

Iaz egindako Domusa Teknik 40 MLK probarako entrenamendu saioetako bat. (Alberto Beloki)

Probaren ibilbidea bi zatitan banatuta egingo dituzte prestaketa saioak. Martxoaren 14an Azpeitia eta Mandubia arteko zatia egingo dute, eta martxoaren 28an Mandubia eta Azpeitia artekoa. Entrenamendu irekietarako izen emateak datorren astean irekiko dituzte.

Domusa Teknik 40 MLK probaren antolatzaileek ibilbidea ezagutzeko entrenamendu irekiak antolatu ditu aurten ere. Lasterketaren ibilbidea bi zatitan banatuta egingo dituzte prestaketak: martxoaren 14an Azpeitia eta Mandubia arteko 34 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta martxoaren 28an Mandubia eta Azpeitia arteko 31 kilometroko bidea.

Aurreko urteetan bezala, entrenamendu irekietan parte hartzen dutenentzako autobus zerbitzua, anoa postua, Fante produktuak eta bukaeran dutxatzeko aukera jarriko dituzte. Kirolariak entrenamendu saioetan parte hartzera animatu dituzte probaren antolatzaileek: "Entrenamendu irekiak izango dira, eta maila desberdineko taldeetan banatuko garenez, ez dago aitzakiarik etxean gelditzeko". Entrenamendu irekietarako izen ematea datorren astean zabalduko dute.

Maiatzaren 9an izango dira Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK probak, Azpeitian. Lasterketa luzean bosgarren edizioa jokatuko da eta motzaren hirugarrena, Herritik herriarentzat lelo hartuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide