Azpeitiko Udalak bihar, ostegunez, hasiko ditu Etxe Alai auzoaren berrurbanizazio lanen azken faseko lanak. 10. eta 13. zenbakidun etxe atarien aurreko aldean gauzatuko dituzte hirugarren faseko lanak –16. eta 17. etxe atarien atzeko aldean–, hau da, azpiegiturak berritzeko obrak. Besteak beste, espaloia, saneamendua, argiteria nahiz eskailerak berrituko dituzte.
Lanak lau hilabeteko epean bukatzea aurreikusten du erakundeak, eta lanek irauten duten bitartean zenbait aparkaleku ez dira erabilgarri izango. Dena den, udalak adierazi du Iraurgi ikastetxearen jolastokia ibilgailuak aparkatzeko zabalik izango dela gauez.
Orotara, 325.500 euro bideratuko ditu obra horietara udalak, eta Gipuzkoako Urakek, berriz, 41.100 euro. Art eraikuntza enpresak egingo ditu lanok, eta obra zuzendaritza A-Bat estudioak gidatuko du.
Etxe Alai auzoaren berrurbanizazio lanen lehen fasea 2025. urtearen hasieran amaitu zuen udalak, eta bigarren fasekoak amaitzear ditu dagoeneko. Erakundeak azaldu duenez, asfaltatze lanak gauzatzea baino ez da falta horiek bukatzeko, eta lanok aste honetan egingo dituztela aurreratu du.