Unai Marrerok Realean jarraituko du 2030era arte

Julene Frantzesena 2026ko otsailaren 24a

Jokin Aperribai Realeko presidentea eta Unai Marrero atezaina atzo, Anoetako bulegoan kontratua sinatu berritan. (Arnaitz Rubio)

Beste lau denboralditan izango da atezain azpeitiarra talde txuri-urdinean. 2016an fitxatu zuen Marrero Realak, eta ordutik, mailaz maila aritu ostean, lehen taldeko bigarren atezaina da gaur-gaurkoz. Talde nagusiarekin hainbat partida jokatu ditu dagoeneko.

Unai Marrero atezainak Realean jarraituko du 2030era arte. Talde txuri-urdinak atzo eman zuen kontratu luzatzearen berri, akordioa sinatu berritan. Ondorioz, beste lau denboralditan taldeko atezain izaten segituko du azpeitiarrak. Atzora arte, 2027ra arteko kontratua zuen 25 urteko atezainak Realarekin.

Marrero 2016an fitxatu zuen Realak; Lagun Onakeko Ohorezko Kadeteen mailan jokatzen zuen orduan azpeitiarrak. 2020an Reala C taldean jokatu zuen, eta 2021ean egin zuen debuta Reala B taldearekin. Talde nagusiarekin Ligan debuta 2024ko urtarrilaren 2an egin zuen, Alavesen aurkako neurketan.

Ordutik hainbat partida jokatu ditu taldearekin, nahiz eta bigarren atezaina den gaur-gaurkoz. Joan zen urtarrilean, esaterako, azpeitiarrak bi penalti gelditu zituen Anoetan, Espainiako Errege Kopako Osasunaren aurkako partidan; zaleek Tatiago abestiaren doinuetara "Marrero, Marrero" abestu zuten partida bukatutakoan.  

Hona hemen azpeitiarrak kontratua luzatzearen harira Realak kaleratu duen bideoa:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide