Mendiari zuzendutako aste osoko programazioa prestatu dute Trangoworld eta Mendietxe museoak elkarlanean. Emanaldia, solasaldia, hitzaldiak eta esperientzia gidatua izango dira martxoaren 18tik 21era bitartean, Trangoworld astea Mendietxe museoan deituriko ekimenean.
Martxoaren 18an emanaldia eta solasaldia izango dira Mendietxen, 19:00etan hasita. Everest, un reto sobrehumano dokumentala emango dute aurrena, eta dokumentalaren egile Aitor Barezek eta Alex Txikon alpinistak hitzaldia eskainiko dute ondoren. Dokumentala grabatzerakoan bizi izan zituztenak izango dituzte kontagai.
Martxoaren 19an Escalada en roca y en hielo izeneko solasaldia eskainiko dute Mikel Linacisoro eta Manu Cordova eskalatzaileek, Alex Txikon moderatzaile dela.
Martxoaren 20an, berriz, trail runningeko entrenamendu saioez ariko da Aitor Pulgarin. Mendiko lasterketetan errendimendua hobetzeko gako praktikoak azalduko ditu hark Mendietxen, 19:00etan hasita.
Azkenik, martxoaren 21ean, 10:00etan, Mendietxe museoan bisita gidatua eskainiko du Alex Txikonek.
Antolatzaileen arabera, abentura maite dutenei, kirolariei eta mendia bere ikuspegi guztietatik ezagutu nahi dutenei zuzendutako esperientziak prestatu dituzte. Guztietarako sarrerak doakoak izango dira, baina aurrez izena eman beharko da lotura honetan.