Izei ukendua nahiz itsasoari lotutako eskulanak, Ekoetxearen asteburuko eskaintzan

Julene Frantzesena 2026ko otsailaren 22a

Atzo, Garbiñe Larreak gidatuta, izei ukendua nola egin ikasteko aukera izan zuten Ekoetxera joandakoek. Gaur, berriz, sormena landu dute gaztetxoek, itsasoa gai hartuta.

Atzo eta gaur tailer eta ikastaro bana egin dituzte hainbat lagunek Ekoetxean. Atzo Garbiñe Larreak gidatuta, gorputzerako produktuek osasunean eta ingurumenean duten eraginari buruzko saioa egin zuten; hara joandakoek izei ukendua nola egin ikasteko parada eduki zuten.

Gaur, ostera, Itsasoa: ekosistema aberatsa izenburupean, sormen tailerra egin dute hainbat gaztetxok. Material hainbatekin marmokak eta koralak egin dituzte 6 urtetik gorako partaideek.

Datorren larunbatean, berriz, Elikagaien hondakinak: ekoizpenetik etxeko sukaldera izeneko tailerra eskainiko du Aitziber Aizpuru nutrizionistak. Saioan parte hartu nahi dutenek honako lotura honetan dute horretarako aukera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide