30 bat lagun, Domusa Teknik 40 MLKren atariko emakumeentzako laugarren entrenamenduan

Mailo Oiarzabal 2026ko otsailaren 21a

Gaurko entrenamenduan parte hartu duten emakumeak, Arauntzan. (Domusa Teknik 40 MLK)

Ainara Uribarrik gidatuta egin dute saioa. Arauntza, Sañoa eta Haitzbakar tartean zirela, 20 kilometroko ibilbidea osatu dute lasterkariek. Laugarrena eta azkena izatekoa zen gaurkoa, baina apirilean beste entrenamendu bat egingo dute azkenean.

Gaur goizean egin dute maiatzaren 9an jokatuko diren Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK mendi lasterketen atariko emakumeei zuzendutako laugarren entrenamendu saioa.

Ainara Uribarri oñatiarrak gidatuta egin dute gaurkoa. 20 kilometroko ibilbidea osatu dute 30 bat korrikalarik, gehien-gehienak emakumeak: Azpeititik Arauntzara eta handik Sañoara igo, Lasaora jaitsi, Haitzbakarrera igo, eta handik behera Azpeitira jaitsi dira berriro kirolariak, 08:30ean igerileku aurrean hotzetan hasi eta eguzkitan bukatu duten saioan.

Apirilean, beste bat

V. Domusa Teknik 40 MLK eta III. 15 MLK prestatzeko emakumeei zuzendutako saioak aurkeztu zituztenean, lau entrenamendu iragarri zituzten antolatzaileek. Hain zuzen ere, gaurkoa izan behar zen, printzipioz, azkena, baina ez da horrela izango.

Izan ere, apirilean emakumeentzako azken entrenamendu saio bat egitea erabaki dute. Eguna eta bestelako xehetasunak aurrerago jakinaraziko dituzte antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide