Martxoaren 1ean, igandez, ospatuko dute Zuhaitz Eguna Azpeitian. Aurten, Landeta auzoko Gerratxiki kalean landatuko dituzte zuhaitzak, 10:00etan hasita. Guztira, 150 zuhaitz landatzea aurreikusi dute Zuhaitz Egunaren antolatzaile diren udalak eta Ekoetxeak.
Zuhaitzak landatuz, herrian "ingurune osasungarriagoak eta iraunkorragoak sortzen laguntzea" da ekintza horren helburua; ingurumena zainduz, "basoberritzea sustatzea", alegia. Klima aldaketara moldatzea "ezinbestekoa" da Ekoetxeako arduradunentzat: "Egokitzapena esparru ezberdinetatik landu badaiteke ere, badago zeregina biodibertsitatearen eta basogintzaren eredutik. Hori dela eta, zer hobeto landaketa herrikoi bat egitea baino? Etorkizunera begira, herrigintza ariketa arduratsua da Zuhaitz Eguna, ingurune iraunkorragoak sortzen laguntzen baitu", azaldu dute.
Landaketari esker, gainera, espezieak ezagutzeko, horiek dituzten onurak barneratzeko eta nola zaindu behar diren ikasteko aukera izango dute partaideek. Besteak beste, lizarrak, sahatsak, astigarrak, erramuak eta hurritzak landatuko dituzte aurten. "Esperientzia dibertigarria eta hezitzailea izateaz gain, ardura eta talde-lana pizteko modu bat ere izango da martxoaren 1eko landaketa".
Izena eman behar
6 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute hurrengo igandeko landaketan, baina horretarako, izena eman beharko da aurrez. Ekoetxearen webgunean dagoen galdetegia bete beharko da izena emateko. Landaketa amaitu ondoren, hamaiketakoa eskainiko dute 12:00ak aldean. Hain justu, ogitartekoak eta txokolate beroa banatuko dituzte parte hartzaileen artean.