'Surfear la vida' liburua aurkeztuko du Aitor Frantsesenak Mendietxen

Iraia Oteiza 2026ko otsailaren 18a

Aitor Frantzesena surfean lortutako garaikur batekin. (Utzitakoa)

Itsasoan izandako istripu baten ondorioz itsu geratu zenetik bizitakoak jaso ditu Frantsesenak liburuan, eta horiek azalduko ditu larunbatean, 18:00etan, Mendietxe museoan. 

"Ez zara inoiz itsasora itzuliko"; "Ez duzu gehiago surfik egingo"; "Ezin izango duzu bizitza normal bat izan". Halakoak entzun behar izan zituen Aitor Frantsesena Gallo (Zarautz, 1970) surflariak itsasoan izandako istripu baten ondorioz itsu gelditu zenean. Ilunpean zegoela, Frantsesenak beldurrei, minari eta zalantza askori egin behar izan zien aurre. Bizipen horiek guztiak bildu ditu Surfear la vida liburuan, eta bere lana aurkeztuko du larunbatean Azpeitiko Mendietxe museoan, 18:00etan hasita. 

Norbere beldurrei aurre egiteak are handiago egiten zaitu lelopean eskainiko du saioa surflari zarauztarrak. "Liburuak erakusten duena da denoi gertatzen zaizkigula gauzak bizitzan, baina horiek kudeatzeko moduak asko baldintzatzen duela dena" azaldu du berak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide