Joan den larunbatean egin zuen Eusko Jaurlaritzak larrialdietako eta babes zibileko merezimenduen 2025eko dominak banatzeko ekitaldia, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian. Ekitaldi horretan, babes zibilaren arloan egindako lanagatik nabarmendutako 41 pertsona aintzatetsi zituen; tartean, Ekain Arrizabalaga azpeitiarra.
Arrizabalagari merezimendu domina eman diote 2024ko ekainaren 25ean Zestoan gertatutako istripu batean zauritutako lau pertsonari laguntzeagatik. Egun horretan, lanetik etxera zetorren autoz azpeitiarra, eta aurrez aurre autokarabana eta auto baten arteko istripu batekin aurkitu zen. Autoa gelditu, istripua izandako ibilgailuetara gerturatu, eta 112ra deitu zuen bitartean, autoaren barruan harrapatuta zeuden lau lagunak kanpora ateratzen jardun zuen.