Ardi gazta eskuz nola egiten den ikasteko eta praktikan jartzeko aukera izan zuten larunbatean hainbat haurrek Azpeitiko Komuntzo baserriko Sakona etxaldean, Ekoetxeak familientzat antolatutako Egin zure gazta esperientziaren barruan. Ekoetxeatik Sakona etxaldera oinez joan ziren tailerrean parte hartu zutenak, eta etxaldean barru eta kanpo bisita egiteko aukera izan zuten familiek, eta gainera, gazta txiki bana egin ahal izan zuten bisitan parte hartu zutenek.
Datozen bi asteburuetan ere tailerrak eta ikastaroak izango dira Azpeitiko Ekoetxean. Haurrentzako nahiz helduentzako saioak antolatu dituzte, eta bat edo beste beteta egon arren, besteetan izena eman daiteke eta doan da.