Hilaren 21etik aurrera, igerileku txikia erreserbatu egin beharko da asteburuetan eta jaiegunetan

Nerea Uranga 2026ko otsailaren 12a

Igerileku txikia. (Azpeitiko Udala)

Erabiltzaileen segurtasunean eta zerbitzuaren kalitatean eragiteko erabaki du igerileku txikiaren antolaketa berria udalak. Igerileku txikirako erreserba online, telefonoz edota igerilekuko harreran egin daiteke. Otsailaren 21-22ko asteburuko txandak hartzeko epea bihar irekiko da.

Igerileku txikiaren erabilera antolatzeko hainbat neurri hartuko ditu Azpeitiko Udalak, otsailaren 21etik. Egun horretatik aurrera, asteburuetan eta jaiegunetan igerileku txikia erabiltzeko aldez aurretik erreserba egin beharko da. Tokia hartzeko garaian igerilekuko abonatuek izango dute lehentasuna. 45 minutuko txandak antolatuko dituzte eta aldi bakoitzerako gehienez hamahiru pertsona onartuko dituzte.

Igerileku txikiak orain arte erreserbarik gabe funtzionatu du, baina momentu askotan, "aforoa gainditu" egin da, eta "horrek erabiltzaileen segurtasunean eta zerbitzuaren kalitatean eragina" du, udalaren arabera. Egoerari irtenbidea aurkitzeko, eta igerileku txikiaren ezaugarriak zein indarrean dagoen araudia kontuan hartuta, asteburu eta jaiegunetarako erreserba sistema ezartzea erabaki du erakundeak.

Antolaketa modu berria otsailaren 21eko asteburuan hasiko dute igerileku txikian. Astebete lehenagotik hartu ahal izango da txanda, beraz, otsailaren 21-22ko astebururako, bihartik aurrera egin daiteke erreserba.

Astegunetan, igerileku txikia batik bat ikastaroetarako erabiltzen dela gogorarazi du udalak, eta ikastaroak egiten ari diren bitartean ezin dela erabili. "Gainontzeko tarteetan, igerilekuaren aforoa kontrolatuko da, baina erreserbarik gabe", zehaztu du.

Erreserba nola egin

Igerileku txikiaren erreserbak online erreserbak.azpeitia.eus helbidean, igerilekura telefonoz 943-81 41 21 zenbakira deituta edota harrerara joanda egin daiteke. Erreserba egiteko orduan, igerilekuko abonatuek lehentasuna izango dute, eta abonatuek ez direnek eguneko sarrera edota hamarreko bonua erosi ahal izango dute, eta plazaren bat libre izanez gero, igerileku txikia momentuan erreserbatzeko aukera izango dute.

Familia abonua duten helduek, familiako kide denen izenean egin dezake erreserba, eta hiru urtetik beherako haurrak gehitu ahalko dira. Abonu batekin egun bakoitzeko erreserba bakarra egin behar da. Igerileku txikiko txanda bukatu eta jarraitu nahi bada, sorosleari jakinarazi beharko zaio hori.

Erreserbak bi ordu lehenagora arte utzi daitezke bertan behera, telefonoz (943-81 41 21) deituta edota harreran esanda. Erreserba bertan behera utzi gabe behin eta berriro huts eginez gero, aldi baterako erreserba egiteko aukera blokeatu ahalko du udalak. Txandak beteta daudenetan, telefonoz (943-81 41 21) deituta itxaron zerrendan sartzeko aukera egongo da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide