Ia ehun mendizale etapaz etapako Ehunmilak Bira egitasmoaren estreinakoan

Nerea Uranga 2026ko otsailaren 9a

Ehunmilak Birako Azpeitia eta Tolosa arteko etapan 96 mendizalek parte hartu dute. 23 kilometroko ibilbidean Sañoa, Gazume, Hernio eta Herniozabal mendiak egin dituzte. Hurrengo etapa martxoaren 7an egingo dute, Tolosa eta Larraitz artean.

Joan den larunbatean Ehunmilak Bira etapaz etapako egitasmoaren lehen etapa egin zuen Lagun Onak mendi bazkunak. 96 mendizalek parte hartu zuten Azpeitia-Tolosa arteko lehen etapan. 23 kilometroko ibilbidean Sañoa, Gazume, Hernio edota Herniozabal gailurrak egin zituzten, giro ederrarekin. "Egun haizetsua izan genuen, baina otsail betean ezin gehiago eskatu eguraldiari", adierazi dute mendizaleek.

Ehunmilak Bira Azpeitian hasi eta bukatuko dute, zazpi etapatan 171 kilometro luzerako bidea eginda. Lehenengo etapa eginda, bigarrena martxoaren 7an (larunbata) egingo dute merndizaleek. Bigarren irteeran, Tolosa eta Larraitz lotuko dituzte, 23 kilometroko bidea osatuta.

Ehunmilak Bira egitasmoko hurrengo etapen egutegia:

  • Martxoak 7. Tolosa-Larraitz. 23 kilometro. 
  • Apirilak 25. Larraitz-Lizarrusti. 16 kilometro. Gailurrak: Txindoki eta Ganboa.
  • Maiatzak 23. Lizarrusti-Otzaurte. 20 kilometro. Gailurra: Intsusburu.
  • Ekainak 20. Otzaurte-Beasain. 36 kilometro. Gailurrak: Aizkorri eta Aketegi.
  • Irailak 19. Beasain-Elosua. 30 kilometro. Gailurra: Izazpi.
  • Urriak 24. Elosua-Azpeitia. 25 kilometro. Gailurrak: Irukurutzeta eta Xoxote.

Argazkiak: Lagun Onak MB.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide