LED teknologia ezarrita, batez beste %32 energia aurreztu dute argiteria publikoan

Nerea Uranga 2026ko otsailaren 6a

Eider Aranburu Azpeitiko Energia Bulegoko teknikaria eta Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburua Izarraitz pilotalekuan. (Azpeitiko Udala)

Argiteria publikoaren eraginkortasun energetikoa hobetzeko, 2024tik ohiko luminariak LED teknologia dutenekin ordezkatzen ari da Azpeitiko Udala. Kontsumo elektrikoa optimizatzea ere badu helburu argiteria aldatzeko proiektuak, eta kasu batzuetan energia kontsumoa %35etik gora jaistea lortu dute. Udalaren hurrengo asmoa Izarraitz pilotalekuko argiteria berritzea da, hil honetan hasiko dituzte lanak.

Argiteria publikoko ohiko luminariak LED teknologiakoekin ordezkatzen ari da pixkanaka Azpeitiko Udala. Orain dela bi urte hasi zuen argiteria aldatzeko proiektua, eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta energia kontsumoa murrizteko helburuarekin. LED teknologiaren instalazioari potentzia handiena duten argiteria koadroetako argi puntuetan ekin zion, eta kasu batzuetan kontsumo elektrikoaren jaitsiera nabarmena izan dela azpimarratu du udalak: "%35etik gorako jaitsiera izan da".

2024. urtean hasi zuen argiteria ordezkatzeko proiektua udalak, hainbat fasetan banatuta. Aurreneko fasea, honako argiteria koadroetan esku hartu du: Landeta 18ko koadroa, Loiolako Ignazio hiribidea 79ko eta 47ko koadroak, kiroldegiaren ondoko koadroa, Arretxeko koadroa eta Euskal Herria auzoko koadroa. Koadro horietako argi puntu gehienak LED teknologiara aldatuta daude.

Iaz, berriz, honako koadro puntuetako argi ia guztiak berritu ziituzten: Jose Artetxe kalekoa (Betharram), Gerratxikikoa eta Orendaundikoa. Une honetan, LED teknologiara aldatu gabe ditu udalak Ildefonso Gurrutxaga kaleko koadroa eta Plaza Nagusiko koadroa, baina horien instalazioa datozen hilabeteetan egingo dutela aurreratu du.

Dagoreneko LED teknologiaren instalazioa eginda dauden koadroetako energia kontsumoa aztertuta, "nabarmen aurreztu" dela esan du udalak: "Batez beste %32 murrriztu da energia kontsumoa, hau da, 139.333 kWh gutxiago 2024ko eta 2025eko kontsumoen arteko konparazioan. Horrek berresten du LED teknologiara egindako trantsizioa eraginkorra dela, eta berritu gabe dauden koadroetan esku hartzea bukatutakoan, gehiago aurreztuko dela".

Izarraitz pilotalekuan, hastear

Argitaria optimizatzeko jardueraren barruko hurrengo proiektua Izarraitz pilotalekuko argiteria berritzekoa du udalak. Frontoiko argiteria sistema berritutakoan, %75etik gora aurreztea aurreikusi dute: "Urtean 85.000 kWh baino gehiagoko energia aurrezpena ekarriko du Izarraitz pilotalekuko argiteria berritzeak, urteko 12.500 euro inguru aurreztuta, mantentze kostuen murrizketa nabarmenarekin eta CO₂ isurien gutxitzearekin batera". Hil honen erdian hasiko dituzte argiteria sistema berritzeko lanen prestaketak, eta lan denak bukatzeko bi aste beharko dituzte. Tecuni enpresari esleitu dizkiote lanak.

600 W-ko 28 LED argiz osatutako sistema adimenduna jarriko dute pilotalekuan, "Smart Lighting teknologiari esker argiztapenaren kontrol eta erregulazio aurreratua ahalbidetuko duen sistemarekin", azaldu du udalak. Berrikuntza horrek "argiztapenaren kudeaketa eraginkorragoa" ahalbidetuko du, erakundearen arabera.

Bi aste iraungo dute lanek, baina denbora horretan instalazioetako argiztapena bermatuko dutela aurreratu du udalak, "pilotalekuaren ohiko erabileran etenik edo eragozpenik ez sortzeko eta erabiltzaileei inolako kalterik ez eragiteko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide