Lehen aldiz aurkeztu, eta saria irabazi. Hondarribiko (Gipuzkoa) Bordari Satarka literatur lehiaketaren 40. aldian, poesia arloko Hondarribia saria jaso du Josu Salegik (Azpeitia, 1980), Bidasoaren agurrekoak bertso sortarekin. Hondarribiko Udalak antolatzen du literatur lehiaketa, eta eleberri laburrak nahiz poesia lanak aurkez daitezke bertara. Ebanista artisaua, San Joan baleontziaren erreplikan lanean aritu zen bere garaian eta zurgintza tailerreko maisu lanetan dabil, baina idazteko tarteak ere hartzen ditu Salegik.
Literatur sariketa batera lehen aldiz aurkeztu, eta saria irabazi duzu. Ez da marka txarra...
Udan hasi nintzen Bidasoa ibaiaren inguruan bertso batzuk idazten, eta ohartu nintzen istorio bat bazegoela atzean. Erabili dudan formatua bertso paperetarako aproposagoa da agian, zentzu batean, nahiz eta badaukan elkarrizketa atal bat ere. Saria jasotzerik ez nuen espero, egia esan, eta oso gustura nago, batik bat jendearengana iristeko aukera eman didalako. Sari banaketaren eguna oso polita izan zen; ekitaldi goxoa izan zen, Kultur Etxean, eta giro intimoan bertsoak abesteko aukera ere izan nuen. Ezin gehiago eskatu, beraz.
Idazteko zaletasuna aspalditik datorkizu. Literatuztaren belaunaldikoa zara. Zerk bultzatzen zaitu idaztera?
Egia da, bai, beti izan dudala idazteko grina, nahiz eta boladak izan ditudan. Literatuztaren garai haien oroitzapen ona gordetzen dut, 22 urte inguru nituen orduan, eta taldetxo bat elkartu eta geure ekitalditxoak egin genituen; elkar ezagutzeko eta bakoitzak berea askatzeko ederra izan zen. Beste bolada batean idazteari utzita egon nintzen, ez nuen ezer esateko. Baina aita hil zenean, bertsoekin hasi nintzen; horrek pizten zidan zerbait barruan. Nik ez dut bat-batekotasunik, baina aita eta aitona bertsolariak ziren, batik bat aitona, plazako bertsolaria. Asko gustatzen zait zahar haien estiloa: xumetasuna, gutxirekin asko esatea, zuten adierazteko egokitasuna, errima borobil horiek, bereziki Manuel Lasarterenak. Momentu honetan, doinuak eta ahotsak ere asko erakartzen naute, emozioak pizteko balio duen horrek guztiak.
Azpeitia Gukan azken urteetan argitara eman izan dituzu bertsoak tarteka, naturarekin lotutakoak. Saria ere nolabait naturarekin lotura duten bertsoekin irabazi duzu. Hori al da zure gai kutuna?
Halaxe da, bai, topiko bat dirudien arren. Iruditzen zait naturarekin kontaktuan egotea erabat funtsezkoa dela eta inguru eder bat daukagu horretarako. Hori bizirik mantendu, zaindu eta defendatu egin behar dugu. Bestalde, ondo sentitzen naiz neuretzako denboratxo bat hartu eta mendira edo hondartzara joaten naizenean, ideiak etortzen zaizkit azkenaldian horrelakoetan.
Bidasoaren agurrekoak lanean bizitza, heriotza eta galeraren hutsunea ageri dira: ama galdu duen umearena eta alaba galdu duen amonarena, hain zuzen. Bidasoa itsasora doa eta agurtu egiten da; bere amaiera da, beraz, ez baita ibai bera itzuliko. Bilobak Bidasoaren doinua entzuten du eta kantu apalak amaren galeraren mina askatzen laguntzen dio; ez da diskurtso bat, ezin da bete galeraren hutsunea azalpenekin. Hitza baino gehiago, doinua da, bizitzaren eta heriotzaren errealitatea agertzen duena.
Poesia eta bertsoak gustuko dituzu. Eta prosa?
Irakurri, prosa irakurtzen dut, baina ez naiz prosa idazteko gai ikusten. Denbora ikaragarri beharko nuke eta ez nuke asmatuko.
Euskalkiekin eta garai bateko kontuekin zerikusia duen asmo bat baduzula aipatu zenuen Hondarribiko udal aldizkarian.
Bai, hala da. Hondarribiko hizkera, adibidez, asko gustatzen zait, baina ez dut menderatzen. Bertsoekin jarraitzen dut eta zerbait xumea idatzi dut. Bere garaian aurkeztuko dudan bertso sortatxo bat da, eta agian, jarraituko dut hari horretatik tiraka. Ikusiko dugu.