Zezenak Azpeitian etorkizunik ba ote duen hausnartu dute Basazabalen

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 31

Ignacio Arakistainek gidatuta, Asier Campos eta Jakes Agirrezabal aritu ziren solasean atzo arratsaldean, Basazabal jauregian. Iritzi trukatzeak hainbat ikuspuntu "aberastu" ditzakeelakoan antolatu zuten atzoko saioa. Zezenaren bueltako historiaz eta politikaren eraginaz aritu ziren, besteak beste.

Azpeitia eta zezenak. Etorkizunik bai? izenburupean, herriko zenbait zezenzalek antolatutako solasaldia izan zen atzo, ostirala, Azpeitiko Basazabal jauregian. Zezenzaletasunaren bueltan sortu den giroaz, zezenzaletasunak herrian bizi duen egoeraz nahiz zezenzaletasunaren historiaz aritu ziren solasean Ignacio Arakistain aurkezlea, Asier Campos Kinttela  banderilleroa eta Jakes Agirrezabal zezenzalea. 

Izenburuari tiraka, nabarmendu zuten beren burua "ezbaian" jarri asmoz antolatu zutela hitzaldia. "Zezen plazako argiek, unearen emozioek eta festaren frenesiak sarritan ikusten uzten ez dizkiguten ertzez aritzeko probestu nahi dugu aukera", azaldu zuen Arakistainek, hitzaldiari sarrera eginez. Hitzaldiaren gidariak adierazi zuen "hausnartzen duen gizartea, gizarte bizia" dela, eta egungo egoera ezagutzeko, "hausnartu" egin behar dela, eta egoera hobe baterantz joateko, "analizatu".

Hizlariek nabarmendu zuten "zezenak azpeitiarren artean lotura izateko duen bokazioari" eutsi nahi diotela. "Azken bost mendeotan egin bezala, gure herria batzeko elementu izan nahi du zezenak. Baina plaza bat eztabaida leku ere bada, eta argumentuen trukatzeak aberastu lezake norberaren ikuspuntua". Hiru lagunek "hausnarketa librean" aritzea izan zuten xede, "inolako iritzirik epaitzeko asmorik gabe". Hori hala, Camposek eta Agirrezabalek nola zezenzaletu ziren azaldu zuten, esperientzia pertsonalak eta profesionalak partekatu zituzten eta egungo egoera zein den aztertu.

Ertz asko dituen gaia

Nolanahi ere, datu historikoak ere eman zituzten; Agirrezabalek azaldu zituen zenbait gako. "Euskaldunok beti izan dugu zezenekin harreman oso estua. Baserritarrak animalia hiltegira eramaten hasi zirenean hasi ziren kaletarrak haiekin jolasten. Hortik dator Euskal Herriko usadioa. Azpeitian 1518. urtekoa da lehen dokumentua; urte hartan, hainbat herritarrek leku itxi batean askatu zuten zezena berarekin jolas egiteko. Sokarekin, berriz, 1567an hasi ziren, sokamuturra egiten".

Agirrezabalen esanetan, Euskal Herrian trapurik gabe toreatzen ziren zezenak, baina Andaluzia (Espainia) aldean trapuarekin hasi ziren horretan; Madrilen eta Salamancan (Espainia), berriz, zaldiaren gainean toreatzen zuten ordurako. XVIII. mendean, baina, gauzak aldatu egin ziren. "Borboiek agintea hartu zutenean, Euskal Herriko eta Andaluziako ereduen arteko lehia sortu zen, eta, hain justu, orduan itxuratu zuten gaur egun ezagutzen dugun zezenketa moldea: zaldi gaineko zezenketa irudikatzeko, pikatzailearen figura txertatu zuten; Euskal Herriko trapurik gabeko zezenketa irudikatzeko, banderilleroarena; eta azkenik, toreatzailearena, Andaluzia aldeko muleta pasearen eredua barneratuz".

Hitzaldiaren izenburuak egindako galderari erantzunez, Camposek esan zuen baietz, badutela geroa zezenketek. "Garbia da zezenketek etorkizuna dutela Azpeitian. Ikusi besterik ez dago El Zortziko taldeak Azpeitiko ferian egiten duen lana; gauzak ondo eta gustuz egiten dira herrian. Gaur egun oso osasuntsu ikusten dut zezenzaletasuna. Sekula baino jende gehiago doa ferietara, sekula baino gazte jende gehiago.... Gorakada betean ikusten dut".

Agirrezabalek ere hala baieztatu zuen: "Duela zazpi edo zortzi urte baino jende gehiago joaten da orain zezen plazara. Kezkagarriena da, ordea, zezenen gaia ekuazio politikoan sartu dela, eta hori oso arriskutsua da". Haren esanari tiraka jardun zuten ondorengo minutuetan; izan ere, politikaren eragina "nabarmena" dela esan zuten denek, eta zezenen afera "ideologia kontuetatik bereizi beharra" dagoela azpimarratu. "Bi aldetatik politizatzen da kontua; kontra daudenek kontra egiten dute, baina, era berean, alde daudenek festa beren egiten dute. Eta horrek ez luke horrela izan behar. Festak guztiona izan behar luke, denek izan beharko lukete lekua zezen plazan", esan zuen hark. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide