Teologia berri baterako bideak proposatu ditu Joxe Arregik

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 29a

Joxe Arregi bere azken lana eskuetan duela. (Andoni Elduaien)

Arregi fraide ohiak goraino bete zuen asteartean Basazabal jauregia, bere azken lana aurkezteko saioan. Kristautasun edo espiritualtasun berri batera jotzeko beharraz aritu zen hura Joxin Iturriotzek eta Xabier Zubizarretak lagunduta. Jendetza bildu zen Arregiren aurkezpenean.

Joxe Arregi fraide frantziskotar ohi azpeitiarrak Jainkoa, jaun goikoaz harago. Teologia berri baterako ildoak liburua aurkeztu zuen herenegun, asteartea, Azpeitiko Basazabal jauregian. Frantsesez idatzi eta 2023an argitaratutako Dieu au-delà du théisme: Esquisses pour une transition théologique liburuaren euskarazko bertsioa iaz kaleratu zuen Arregik, eta hain zuzen, lan horren bueltan aritu zen asteartean hura, bidelagun izan dituen Joxin Iturriotzek eta Xabier Zubizarretak lagunduta. 

Arregik liburuan jaso dituen zenbait konturekin hausnarketarako bidea zabaldu zuen Iturriotzek. Bi ideia azpimarratu zituen hark: batetik, gizartearen etengabeko aldaketaz eta kristautasunak egoera berri horretara egokitzeko duen "berritu beharraz" aritu zen. Espiritualitate berri batera, kontzeptu berri batera, jo behar da haren ustez, eta zentzu horretan, Arregiren liburua "oso egokia" da. Era berean, Arregiren liburua euskara aldetik "aberatsa" dela eta esanahi aldetik oso "iradokitzailea" dela nabarmendu zuen. "Balio handiko testua da filosofia, erlijio eta espiritualitate aldetik, baita euskara mailaren aldetik ere".

Zubizarretak, bestalde, liburuaren mamira jo zuen, eta testuaren nondik norakoak azaldu zituen. Hark esan zuen liburuaren asmo nagusia ez dela korronte erlijioso-filosofikoak aztertzea, gizarteari eta gizakiei "zerbait eskaintzea" baizik. "Jabetuta gaude orain dela ez askora arte gizartean jaun eta jabe izan den Elizak orain zeinen estimazio edo indar moral gutxi duen; badirudi, desagertzeko zorian dagoela. Garbi dago ezin duela orain arte bezala segitu; sustraitik aldatu beharra du". Zubizarretaren arabera, Arregik testuinguru horretan ondu du proposamen berria; izan ere, fraide ohiaren arabera, "jainkoa beste era batera ulertu eta bizi" behar da, eta "beste era bateko Eliza" aldarrikatu behar da, "sinesteko moduko ikuspegiekin eta balioekin", "espiritualtasun berri bat" emanez.

Iturriotz, Arregi eta Zubizarreta, Basazabalen. (A. Elduaien)

Arregiren berezko izaera da erlijioetako edo bestelako testu klasikoak berrinterpretatzea, hark ez ditu-eta idatzi horiek inoiz agortutzat edo gainditutzat jotzen. Testuak "metaforikoak edota sinbolikoak" izan ohi dira, eta ez dira hitzez hitz ulertu behar, "definitiboak" balira bezala. Hori hala, testu klasiko dezente bildu ditu hark liburuan, horiek gordetzen duten mezu inspiratzailea bistaratuz. Besteak beste, budisten, taoisten zein sofisten idatziak eta beste zenbait filosoforen, teologoren nahiz mistikoren ekarpenak aipatu ditu Arregik. Testu kristauak ere irakur daitezke liburuan, hala nola katolikoenak eta protestanteenak, eta bere "inspirazio iturri garrantzitsuena" den Nazareteko Jesusi buruz ere badihardu Arregik.

Liburuan, era berean, honako galdera hau egiten du idazleak: "Posible ote da beste era bateko kristautasun bat?". Horretarako bete behar diren baldintzez eta gaurko paradigmekin bat eginez gizarte hobe baten alde lan egin dezaketen pertsonez eta taldeez duen ikuspuntua ere eman nahi izan du Arregik. Espiritualitateaz ere eman ditu zenbait zertzelada fraide ohiak bere azken lanean, eta adierazi du espiritualitatea ez litzatekeela soilik "Elizaren edo kleroen monopolioaren esku" utzi behar. Arregi, gainera, ahalegindu da esan ezin den kontuetara hurbiltzen, hitzekin eta kontzeptuekin etengabe borroka eta jolas eginez. Kontzeptuok argitu nahian, hiztegietara jo du Arregik, jatorrizko esanahiaren bila. 

Basazabal jauregiko aretoa leporaino bete zen. (A. Elduaien)

Nartxixatik gaur egunera

2014an Uztarrian argitaratutako zutabe bat gogoan, Nartxixa zenari keinu eginez hartu zuen hitza Arregik. Kristautasunarekiko izan duen eta egun duen ikuspegia alderatu nahi izan zituen orduan. "Urte asko pasatu dira, eta gauzak aldatu dira; badirudi aldatu ez den eta aldatu ezin daitekeen gauza bakarra erlijio erakundea dela, eta hori ez da inondik inora normala. Betikoan finko eta tinko geratzea ulertu ezina da niretzat. Erlijioak bultzatu eta berritu egin behar luke, eraldatu".

Behin hori esanda, hainbat galderaren inguruan josi zuen Arregik aurkezpena. Fraide frantziskotar ohiak esan zuen, jainkoarengandik espero izan direla erantzun guztiak, baina "jainkoa ez da ezeren erantzuna" Arregirentzat: "Jainkoak ez du ezer esplikatzen; jainkoa ikurra, irudia eta metafora da. Jainkoa hitzak balio behar luke nonbaitetik nonbaitera mugiarazteko. Jainkoa hitzak, guk pentsatzen dugunetik harago, gure pentsamendua eta gure barruko izaera mugiarazi beharko lituzke. Ez dadila izan gure helburua, ez dadila izan ditugun galdera guztiak aurkitzeko bidea. Jainkoari buruz ditugun erantzun guztiek balio dute, baldin eta galdera berrien sorrarazle baldin bazaizkigu", esan zuen. 

Arregi bere proposamenaz azalpenak ematen. (A. Elduaien)

Era berean, jainkoa hitzarekin zer sinesten duen eta zer ez azaldu zuen liburuaren egileak, baita jainkorik ba al den edota zein jainkorengan sinesten duen ere. Izan ere, jainkoa eta jaungoikoa hitzak sinonimoak diren arren, bereizi egiten ditu Arregik bere lanean. Bereizketa horri buruz, honakoa esan zuen azpeitiarrak: "Ez dut sinesten jaungoikoarengan, hau da, izaki goren batengan, izaki goren ahalguztidun batengan edo mundua ezerezetik sortu zuen jaungoiko batengan. Gogorra egiten zait esatea, baina ez dut sinesten. Ez dut ulertzen arimarik gabeko mundurik, eta ez dut kontzebitzen jainkorik mundurik gabe. Kontzebitzen dut, nolabait, jainkoa dela munduaren arima".

Hitzartzea amaitu aurretik eta jendeari galderak egiteko tartea zabaldu aurretik, beste hainbat kontu aletu zituen Arregik; tartean, otoitzari ere egin nahi izan zion erreferentzia. Esan zuen beretzat otoitza ez dela "jainkoari zerbait esatea edo eskatzea"; Arregik aldarrikatu zuen otoitzak "gizaki guztien artean sortzen den harreman sortzailea" izan beharko lukeela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide