Realaren fundazioak kudeatuko du Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK probetako Anoa Gune Urdina

Ihintza Elustondo 2026ko urtarrilaren 28a

Lagun Onak mendi bazkunako, Domusa Teknikeko, Real Sociedad fundazioko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak, atzo, Basazabal jauregian.

Marea Urdina elkarteak bere jardunean etena egin duenez, Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK mendi lasterketen antolatzaileek Real Sociedad fundazioarekin akordioa gauzatu dute, Anoa Gune Urdina fundazio horrek kudea dezan. Lasterketaren egunera bitartean inklusioa lantzeko asmoz gauzatuko dituzten ekintzak ere Realaren fundazioak kudeatuko ditu. Modu horretan, lasterketaren antolatzaileek orain arte sustatutako "balioei eutsi" nahi diete. 

Maiatzaren 9an jokatuko dituzte Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK mendi lasterketak, eta proba horietan garrantzi berezia hartu izan du orain arte Marea Urdinak antolatutako Anoa Gune Urdinak. Orain gutxi, ordea, talde horrek jakinarazi zuen etena egingo zuela bere jardunean, eta, beraz, gune horrekin zer gertatuko zen ez zegoen argi. Dena den, atzo probaren antolatzaileek eta Real Sociedad fundazioak egin zuten agerraldian jakinarazi zutenez, fundazio horrek kudeatuko du Anoa Gune Urdina aurtengo lasterketan. Basazabal jauregian egin zuten atzo agerraldia probaren antolatzaile den Lagun Onak mendi bazkunako ordezkariek, haren babesle ofiziala den Domusa Teknikeko kideek, Real Sociedad fundazioko ordezkariek eta Azpeitiko Udalekoek. 

Iñaki Rodriguez lasterketaren antolatzaileetako bat denak hartu zuen hitza, eta hark azaldu zuen Domusa Teknik 40MLKen sorreratik "garbi" izan dutela ez zutela nahi proba "mendi lasterketa soil bat" izaterik. "Gure helburua da lasterketa balio batzuk lantzeko tresna izatea". Azken lau urteotan, bide hori jarraituz, hainbat jarduera jarri dituztela martxan aipatu zuen, eta asmo horietako bat emakumeen parte hartzea bultzatzea izan dela. "Horretarako, dortsalak eskuratzea erraztu diegu. Bestalde, urtero emakumeei zuzendutako lauzpabost irteera antolatzen ditugu, eta saio bakoitzera dozenaka emakume bertaratzen dira. Ekintza eta konpromiso horien ondorioz, 15 MLK lasterketan parte hartzen duten lasterkarien %50 emakumeak dira; hori lortu duen lehen lasterketa izan da gurea". Horrez gain, gogoratu zuen oraindik emakumeei zuzendutako irteera bat egiteko dutela aurten; otsailaren 21ean izango da, eta inguruko emakume guztiak gonbidatu zituen parte hartzera.

Era berean, inguruko merkatari eta ekoizleekin ere hainbat akordio dituztela nabarmendu zuen Rodriguezek, eta "haien erakusleihoa" direla Domusa Teknik 40 MLK  eta 15 MLK lasterketak. "Lasterkarien poltsetan banatzen diren produktuak zein ibilbidean eskaintzen diren guztiak bertakoak dira. Esan dezakegu zero kilometro filosofia sustatzen duten probak direla". Inguruko enpresek lasterketari ematen dioten babesa ere azpimarratu nahi izan zuen. 

Inklusioa, Realaren eskutik

Inguruko enpresekin eta ekoizleekin eskuz esku aritzen diren arren, azken lau urteetan "elkarlanik sendoena" Marea Urdina elkartearekin izan dutela nabarmendu zuen Rodriguezek. "Aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioan oinarritutako lankidetza izan da, eta horren harira, hainbat hitzaldi antolatu ditugu bailarako ikastetxeekin. Urtero, aniztasun funtzionalen bat duten lasterkariak ekarri ditugu hitzaldietara eta gure lasterketan parte hartzera. Gainera, lasterketako gune garrantzitsu eta handienetako bat beraiek kudeatu dute. Tamalez, zortzi urteko ibilbidearen ondoren, Marea Urdinakoek euren lanean atseden hartzea erabaki dute. Eta hortik sortu da gaur aurkezten ari garen hitzarmen hau". Rodriguezek adierazi zuen "garbi" zutela orain arteko balioei eutsi nahi zietela, eta hortik sortu dela Real Sociedad fundazioarekin gauzatu duten akordioa. "Pozgarria da benetan Gipuzkoan eta estatu mailan erreferente den klub batek, bere fundazioaren bitartez, kiroletik harago doazen balioak lantzea. Guretzat, benetako ohorea da eurekin hitzarmen hau sinatzea". Hitzarmen horren ondorio izango dira lasterketaren eguna iritsi bitartean antolatuko dituzten ekintzak, eta, era berean, lasterketaren antolatzaileentzat "hain garrantzitsua" den Anoa Gune Urdina ere fundazioko kideek kudeatuko dute.

Ainara Muga Real Sociedad fundazioko proiektu arduradunak esker hitzak izan zituen probaren antolatzaile nahiz babesleentzat. "Eskerrak eman nahi dizkiet ateak irekitzeagatik, besoak zabaltzeagatik, proiektu honen parte izateko. Guretzako plazera izango da lasterketa honetan parte hartzea, bereziki helburu sozial batzuk dauzkalako. Fundazioan ekintza sozialak gauzatzen saiatzen gara hainbat alorretan, eta horietako bat da inklusioarena. Horregatik, Anoa Gune Urdina kudeatzea bereziki interesgarria da guretzako. Gure eskura dagoena egingo dugu bertan egingo diren ekintzak ahalik eta txukunen eta politen ateratzeko". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide