Elmubas Iberican hauteskunde sindikalak egitea lortu dute, eta lehenengoz, langileen batzordea izango du herriko lantegirik handienak. Sindikatuek salatu zutenez, pasa den azaroan pentsu enpresako bost langile kaleratu zituzten hauteskunde sindikalak martxan jartzeagatik, horregatik, zuzendaritzak zabaldu duen "beldurra" gainditu dutela jakinarazi du ELAk ohar bidez. Sindikatu horrek ordezkatuko ditu batzordeko bederatzi kidetatik sei, eta independenteak izango dira gainontzeko hiru ordezkariak.
ELAk gogoratu duenez, Landeta auzoan lantegia duen enpresako langileak "antolatzeko" eta "pairatzen duten prekarietatetik ateratzeko" apustua egin zuten iaz, eta horretarako, hainbat asanblada deitu zituzten. Alta, sindikatuaren esanetan, langileen antolatzeko eskubidea "oztopatzen" saiatu zen zuzendaritza, eta bost langile kaleratu zituen "beldurra zabaltzeko" helburuarekin. Hala ere, ELAk nabarmendu duenez, "langileek ez zuten atzera egin".
Elmubaseko langileek elkarretaratzeak deitu zituzten kaleratzeak salatzeko, eta hauteskunde prozesua bururaino eramatea erabaki zuten. Joan zen astean, urtarrilaren 22an, egin zituzten bozak, eta beraz, 220 langile inguru dituen enpresak ordezkaritza sindikala izango du lehenengoz. ELArenak izango dira bederatzi delegatuetatik sei, eta jakinarazi du aurrerantzean langileak prekarietatetik ateratzeko eta haien baldintzak hobetzeko lan egingo dutela.