Katak egiten hasiko dira Santutxon babestutako etxebizitzak eraikiko dituzten eremuan

Julene Frantzesena 2026ko urtarrilaren 26a

Aparkalekuak husteko barandak jarri ditu Udaltzaingoak. (Nerea Uranga)

Azpeitia Berritzenek babestutako 28 etxebizitza eraikiko ditu eremu horretan. Hilabeteetan blokeatuta izan da prozesua, proiektuaren idazketa lehiaketara aurkeztutako enpresa batek kontratuzko helegitea aurkeztu zuelako eta ebazpena ematerako hilabeteak pasatu direlako. Desblokeatu da, baina, egoera, eta idazketa fasean da proiektua.

Azpeitia Berritzenek Santutxo auzoan babestutako 28 etxebizitza eraikiko dituen eremuan katak egiten hasiko dira datozen egunetan, eta ondorioz, horren ondoko aparkalekuak ezingo dira erabili bihar (asteartea) 06:00etatik aurrera. Udaltzaingoak jarri du abisua dagoeneko; biharko kendu beharko dituzte autoak aparkaleku horietatik.

2023an jakinarazi zuten Azpeitia Berritzenek Santutxon etxebizitzak eraikiko zituela, eta horretarako Plan Berezia onartu zuen udalak. Ondoren, 2024ko martxoan, proiektu hori egin ahal izateko Urbanizatzeko Jarduketa Programa behin betiko onartu zuen erakundeak, eta etxe horiek eraiki ahal izateko proiektua gauzatzeko lehiaketa jarri zuen martxan. Dena den, lehiaketaren lehen fasean esleipen prozesutik kanpo gelditu zen enpresa batek kontratuzko helegitea aurkeztu zuen, eta horrek prozesua geldiarazi zuen.

Ordutik hona pasatu dira hainbat hilabete, baina Eusko Jaurlaritzaren menpekoa den Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak ebatzi du errekurtsoa dagoeneko, eta idazketa fasean da Santutxoko etxebizitzen proiektua. Proiektua idazteko sei hilabeteko epea izango du lehiaketa irabazi duen enpresak, eta lan hori amaitutakoan, proiektua lizitatzera aterako du Azpeitia Berritzenek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide