Esateko Idatzi zikloaren bigarren saioa antolatu du Kulturaz kultur kooperatibak zapaturako. Parte hartzaileek fanzinegintzaren teknika landuko dute saio horretan Kulturazeko langileen eskutik. Dinamoa sormen gunean izango da tailerra, eta 10:00etan hasi eta 14:00etan bukatuko da. Parte hartu nahi dutenek Kulturaz.eus webgunean eman beharko dute izena.
Hitzaren erabilera praktikara bideratu eta eleak eskaintzen dituen aukerak esploratzeko sortu du Kulturazek Esateko Idatzi zikloa, "hitza lurrera eramatea" helburu hartuta: "Esateko idatziko dugu. Zer esateko? Nahi duguna, nahi adina. Luzea da oso aldaera posibleen zerrenda. Istorioak kontatzeko, poemak sortzeko, komikiak egiteko, antzezteko, ikus-entzunezkoak sortzeko, irudiak laguntzeko, beste hizkuntzetakoa gurera ekartzeko, norbere gogoetak aurkezteko, aldarrikapen kolektiboetarako".
Dinamoko hitzaren eremuan bi hilabetean behin tailer bat eskainiko dute, saio bakoitzean teknika, diziplina eta praktika zehatz bat jorratuz. Fanzinegintza tailerra zikloko bigarrena izango da; azaroaren 29an, lehen saioan, ipuingintza landu zuten Beñat Sarasola idazlearekin.