Azken hilabeteotan hainbat berrurbanizazio lan gauzatu ditu Azpeitiko Udalak herriko hainbat tokitan. "Irisgarritasuna hobetzeko berrurbanizazio lanek izan dute pisurik handiena udazkeneko obretan", azaldu du Ander Larrañaga zinegotziak.
Barrenetxe auzoan 1, 2, 3 eta 4 zenbakien arteko atarian, lurra aldatu, belardia txukundu eta inguruko aparkalekuak berritu ditu udalak, 321.500 euroko inbertsioa eginez. Sanjuandegin bertan, Salbe auzoan, 14, 15, 16, 17 eta 18 zenbakien inguruko eremua berrurbanizatu du. Irisgarritasuna hobetzeko esku hartzeekin jarraituz, Arana kaleko espaloia ere eraberritu du, 9. eta 17. zenbakien arteko zatia hain zuzen, 111.000 euroko aurrekontuarekin.
Oinezkoen mugikortasunari begira, Garmendi auzoan, bidetxur bat egokitu du udalak. "Jendeak lehendik ere bazuen eremu horretatik oinez pasatzeko ohitura, eta txukundu egin dugu", azaldu du Larrañagak.
Halaber, herri barruko joan-etorriak bizikletaz egitea sustatzeko neurriak hartzen jarraitu du. Horretarako, Euskal Herria auzoko bidegorria Azpeititik Azkoitira doan bidegorriarekin lotu du, 200 metro inguruko zati bat gehituz. 250.000 euro inguruko aurrekontua izan dute lanek.
Errepideetan egindako lanei dagokienez, mantenuarekin lotura duten lan asko egiten direla kontatu du Larrañagak. "Bateko zuloak, besteko pitzadurak, ezabatuta dauden seinale edo marrak… Hain ikusgarriak ez izan arren, egunerokoan lan handia egiten da mantenuari lotuta".
Auzoetan egindako lanen artean, Nuarbeko aparkalekua da aipagarrienetakoa. Nuarbeko erdigunean, pilotaleku ondoan, 27. zenbakidun etxea eraitsi, eta eremu horretan aparkaleku bat egokitu du udalak. "Auzo bileretan, nuarbetarrek aparkaleku gehiago eskatzen zituzten, eta erantzun egin diogu eskaera horri". Aratz-Errekan, berriz, farolak aldatu ditu udalak. Larrañagak azaldu duenez, baserri bideak konpontzen ere jarraitu dute.
Bestelako inbertsioei dagokienez, trastelekuak izan ziren iazko urte amaierako berrikuntza nagusietako bat. Enparan Kalean eta Erdikale-Elizkalean, bi lokaletan, trastelekuak egin ditu udalak, auzotarren espazio arazoei aurre egiteko. Urte hasieran, plazan egingo ditu trasteleku gehiago.
Proeiktu gehiago esku artean
Hain zuzen, udala hainbat inbertsio egitekoa da datozen hilabeteetan. Izarraizpe ikastola publikoan, Perdillegiko eraikinean, jolastokiaren lehen fasea amaitu berri dute, baina estalkia falta da egiteko, eta aurten egingo du hori. Udaltzaingoaren lokala ere uda aurretik amaituko dute. Etxe Alain eta Urrestillan, berrurbanizazio proiektuaren hirugarren eta azken fasea falta da, eta horiek ere 2026an hasi nahi ditu udalak. Izarraizko Atea parkean hobekuntzak egiteko eta Euskal Herria auzoan aisialdirako gune bat egokitzeko asmoa ere badu. Horrez gain, komun bat jarriko du Lasaoko bidegorrian.