Aurten Dinamoa sormen gunean egonaldia egingo duten artistak zeintzuk izango diren jakinarazi du Kulturaz kooperatibak. Sei talde eta norbanako hautatu ditu espazio horretan egonaldiak eginda euren proiektuak garatu ahal izateko. Egonaldiak otsailaren hasieratik uztailaren amaierara bitarte gauzatuko dituzte.
Horietako batek, Laura Penagos aktoreak, egonaldi sinplea egingo du, eta beste bik, Martin Altuna eta Unai Olaizola azpeitiarrek osatzen dute Azax taldeak eta Asier Itulain ilustratzaile azpeitiarrak, egonaldi osoak egingo dituzte. Horiez gain, Igor Elortzak eta Rafa Ruedak Soinuaren Eremuan garatuko dute eskuartean duten proiektua; eta Iñigo Martinez irakasle eta idazleak, berriz, Hitzaren Eremuan, hitza eta idazketa landuz.
Hona hemen sortzaileek euren proiektuaz diotena:
- Azax. Hazia erein aurretik lurra ondu behar da. Bi aza. Azax elektronika esperimentala euskal kultur ondarearekin uztartzen duen bikote azpeitiarra da. Sintetizadore eta trikitiaz, soinu berritzaileak dituen eta tekno melodikoan oinarritzen den disko bat plazaratzera doaz. Sormen egonaldia zuzeneko indartsu eta berezia prestatzeko probestuko dute, eta irekita daude beste kultur kolektiboekin elkarlanean aritzera. Norabidea galdu gabe bide berriak arakatuz…Tradizioa traizionatzen?
- Asier Itulain. Zauria(k) - Haustura(k). Galera batek haustura dakar, zerbait kendu dizute. Zerbait falta da. Hutsa. Eta huts horretan bakarrik sentitzen zara. Zaurietatik, ordea, odola jario da. Gehitzen den zerbait. Zerbait berria, mingarria, baina gutxienez sendatze prozesu bat dakarrena. Bi kontzeptu horien azterketan eta maitasun zein doluaren interpretazio grafikoetan zentratzen da proiektua.
- Andrea Berbois. Terma, Kokotsa. Zopa. Orain hasten den ikerketa eta esperimentu bat da. Urteetan zehar soinuak eta pertsonaia ezberdinak biltzen joan eta gero, horiek ordenatzeko behar batetik jaio da. Ordenagailu guztiak beteta daude, disko gogorrak, armairuak, etxeak. Jada ez zait ezer gehiago sartzen. Dena ordenatu eta kanpoan ikusteko beharra daukat. Estiloak, instrumentuak, gestoak, harremanak, akordeak. Daukadan guztia zabaldu, nahasi eta forma bat emateko espazio bat aurkitu nahi dut. Nire kontzertua muntatu, eskaini ahal izateko.
- Iñigo Martinez. Beti hasiera da. Proiektuaren izenburua paradoxikoa da, kontraesankorra: edo beti edo hasi, baina ezin dira biak batera gertatu. Hasi egin baldin bada, esan nahi du aurretik ez zegoela; betierekoa bada, berriz, ez dauka hasierarik, ezta amaierarik ere… Korapilo horren berri eman ziguten pentsalari presokratikoek. Betiereko galderak ote daude filosofiaren hasieran? Eta, zein ote da filosofiaren eta haurtzaroaren arteko harremana? Zeintzuk dira haurtzaroari buruzko egungo estereotipoak? Hortik abiatutako gogoetak idaztea dut helburu, nire seme-alaba txikiei entzundako hausnarketen laguntzarekin.
- Igor Elortza eta Rafa Rueda. Anonyme Popular #2. Inor. Inor ez, norbait eta nornahi da inor. Ahots bat, mundualdi zoro honetan egunerokoa idazten: "Aifon zaharberri beltz bat hartu dut, gaur, pakistadarrenean. Ea zer berri, sarera jo dut, handik irten naizenean. Nirea ere baden aldi hau bilatuz inorenean, scroll berean nahastu zait dena, ordea, desordenean: Williamsen gola; Gazako haurrak, olgetan misilen menpe; goi-bilera bat migrazioaz, barrezka lau presidente; publi pornoa; suteak Indian; bi meme adoleszente; eta katu bat, bosgarrenetik espaloira jausten tente".
- Laura Renagos. Guaritxa. Ama batek hilabeteak daramatza alabaren berririk izan gabe, ez senitartekorik, ez lagunik, ez haren bikotekideak ez dakite non dagoen. Egun batean, bidaia bat egingo du alaba non dagoen jakiteko. Aurkituko duzu? Guaritxa Kolonbian desagertutakoen ama bilatzaileei buruzko pieza performatibo-dokumentala da. Ama horiek Kolonbian desagertutako seme-alaben bila dabiltza.