Otsaileko lehen zapatuan, datorren hilaren 7an, jarriko da martxan Ehunmilak Bira, Lagun Onak mendi bazkunak 2026rako prestatu duen etapaz etapako egitasmoa, eta lehen etaparako izen ematea ireki dute dagoeneko.
Aurten egingo ez duten ultra trail ezagunaren ibilbidea zazpi etapatan banatuta osatzea da Azpeitiko mendizale elkartekoen asmoa, baina Azpeitian hasita eta Azpeitian bukatuta. Horrela, otsailaren 7ko lehen etapan, Azpeititik Tolosara joango dira, Gazumen eta Hernion barrena, 23 kilometro eta 1.300 metroko desnibel positiboko ibilbidea osatuz. 07:00etan irtengo dira mendizaleak Azpeitiko plazatik, helduei zuzendutako egun osoko irteera egiteko.
Ehunmilak Biraren lehen etapan parte hartu nahi dutenek, Lagun Onak MBren webgunean eman behar dute izena eta han dituzte ordainketarako argibide guztiak ere; bazkideek 7,5 euro, eta bazkide ez direnek 10 euro ordaindu beharko dute. Otsailaren 5ean itxiko dute izen ematea