Eskaintza oparoa aurkeztu du Azpeitiko Emakumeen Txokoak datozen hilabeteetarako. Negu bukaeran hasi eta udaberri bukaerara arte, Jabetze Eskolak, Boteregabetze Eskolak, ikastaro iraunkorrak zein sentsibilizazio jarduerak gauzatuko dituzte Emakumeen Txokoan edota han antolatuta, eta zerbitzu feministak ere eskainiko dituzte. Otsailean, martxoan, apirilean eta maiatzean egingo dituzte ekintzak.
Orain arte, emakumeei soilik eskainitako Jabetze Eskolak eskaini izan dituzte, baina 2026ko hasierako eskaintza honetan, horiez gain, emakumeei zein LGTBIQ+ pertsonei zuzendutako Jabetze Eskolak ere antolatu dituzte. Horixe da, hain zuzen, aurkeztu berri duten eskaintzaren berrikuntza aipagarriena. 2024an egindako LGTBI+ diagnostikoan "lehentasunezkotzat hartutako neurrien artean" zegoen Emakumeen Txokoan "LGTBIQ+ pertsonak elkartzeko eta saretzeko programazioa antolatzea", azaldu dute Miren Arrieta Parekidetasun zinegotziak eta Ione de la Cruz Emakumeen Txokoko teknikariak. "Behar horri erantzuteko" erabaki dute LGTBIQ+ kolektiboko kideentzat ere izango diren Jabetze Eskolak antolatzea.
Baina aipatu diagnostikoaren beste puntu bat ere kontuan hartu dute pausoa emateko: "Diagnostikoan, memoria berreskuratzearen garrantzia ere aipatzen da, eta premiazkotzat ikusten da espazio publikoaren erabileran, aisialdian eta kirolean lanketa bat egitea ere. Jabetze Eskolen eskaintza diagnostikoko puntu horiei lotuta osatu dugu". Horrela, emakumeei zein LGTBIQ+ pertsonei zuzendutako hiru eskola antolatu dituzte: "Memoria berreskuratzeko premia abiapuntu" duen Isilarazitako historia ikertuz; DJ tailerra, "aisialdi inklusibo eta anitzak garatzeko" helburuarekin; eta entrenamendu inklusiboak. "Kirol espazioak normalean gorputz normatiboek hartzen dituzte, eta beste gorputz batzuei ere eman nahi diegu kirolerako aukera", aipatu dute antolatzaileek, azken jarduera horren helburuak azaltzeko.
Emakumeentzat, eta gizonentzat
Emakumeei soilik zuzendutako Jabetze Eskolen artean, berriz, honako hauek daude: zahartzaroari buruzko gogoeta feministak, kakorratz lanak, tratu oneko lotura afektiboen eraikuntza, emakumeen eboluzioa eta arkeologia uztartzen dituen ikastaroa, eta tuppersex saioak.
Gizonek ere badute beren tartea Emakumeen Txokoaren eskaintzaren barruan. Izan ere, haiei zuzenduta antolatu dituzte Boteregabetze Eskolak, "genero rol tradizionalak zalantzan jartzeko eta harreman parekideak sustatzeko" helburuarekin. Bi saiok osatuko dituzte Boteregabetze Eskolak. "Espazio horiek gizonek eguneroko gatazkez eta botere harremanez hausnartu ahal izateko gune seguruak dira", azaldu dute Parekidetasun arduradunek.
Zerbitzuak eta baliabideak
Arlo honetan berrikuntzarik ez badago ere, eskola eta ikastaro berriekin batera Emakumeen Txokoak herritarren esku zerbitzu ugari eskaintzen ditu, eta horiek ere plazaratu nahi izan dituzte arduradunek.
Harrera eta informazioa, liburutegi feminista, erreminten mailegua, aholkularitza juridiko, psikologiko eta sexu-genero arlokoa zein indarkeria matxista kasuetarako bidelaguntza daude Izarraitz pilotalekuaren beheko solairuko egoitzan eskaintzen dituzten zerbitzu eta baliabide feministen artean; eta guztiak dira "doakoak, profesionalak eta konfidentzialak".
Izen ematea, urtarrilaren 30a arte
Jabetze Eskoletako izen ematea urtarrilaren 30era arte egongo da zabalik. Ekintzen inguruko informazio osatua aste honetan banatuko dute herriko etxe guztietara, baina ondoko loturan ere irakur daiteke aurkeztu berri duten eskaintzaren gaineko informazio osoa.
Hala ere, informazio gehiago behar duenak edo izena eman nahi duenak Emakumeen Txokora jo dezake (Goiko kale 12, behea, Izarraitz frontoian), astelehenetik ostiralera; 943-15 70 55 eta 688 75 10 00 telefonoetara deitu edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera ere idatz dezakete.