Uholdeen eta haizeteen aurrean jarduteko larrialdi plana azalduko du udalak etzi

Julene Frantzesena 2026ko urtarrilaren 26a

Haizeak botatako zuhaitz bat Sistiaga Errekan. (Azpeitiko Udala)

Hainbat larrialdiren aurrean nola jokatu jasotzen duen protokoloa ontzen ari da Azpeitiko Udala, Sie enpresaren laguntzarekin. Uholdeen eta haizeteen plana eginda duenez, jendaurrean aurkeztuko du erakundeak asteazkenean; 19:00etan izango da saioa, Azoka Plazako aretoan.

Uholdeen eta haizeteen aurrean jarduteko protokoloa ondu du Azpeitiko Udalak, eta larrialdi planaren zati hori jendaurrean aurkeztuko dute etzi, asteazkena, 19:00etan, Azoka Plazako aretoan. Larrialdi egoera baten aurretik, unean bertan nahiz ondoren hartu beharreko neurriak zeintzuk diren azalduko dute bilkuran.

Sie enpresa ari da Azpeitiko Udalarentzat larrialdi plana egiten, eta hain zuzen, enpreas horretako ordezkari batek nahiz Ander Larrañaga zinegotziak emango dituzte protokoloaren gaineko azalpenak. Udaltzaingoaren ordezkariak ere han izango dira, herritarren zalantzak argitzeko.

Udala larrialdien aurrean prebentzioa eta herritarren segurtasuna indartzeko helburuz ari da protokoloa lantzen. Besteak beste, uholde nahiz haizete arriskuez haratago, arrisku antropikoen (suteak, ekitaldi masiboak...), arrisku teknologikoen (industrialak, kimikoak...), garraio arriskuen eta abarren aurrean nola jokatu ere jasoko dute. Plan osoa martxorako bukatuta izatea aurreikusten du erakundeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide