Aritz Aranbarriren argazki bat, munduko onenen artean

Julene Frantzesena 2026ko urtarrilaren 22a

Txirrindulari hainbat leiho bateko hautsitako kristalen atzean. Argazki honekin irabazi du saria Aranbarrik. (Aritz Aranbarri)

Ziklix izenez ezaguna den argazkilari azpeitiarrak txirrindularitza arloan jaso du aitortza World Sports Photography Awards-en. Kristal hautsiak dituen leiho baten atzetik txirrindulari pelotoiari ateratako irudi bat tarteko jaso du saria. Kirol argazkilaritzako mundu mailako sariketa handienetakoa da World Sports Photography Awards.

Aritz Aranbarri argazkilariaren irudi bat saritu dute 2026ko World Sports Photography Awards-en. Ziklix izenez ezaguna den argazkilari azpeitiarrak txirrindularitza arloan jaso du saria, hain zuzen ere, proba batean kristal hautsiak dituen leiho baten atzetik pelotoiari ateratako irudi bat tarteko.

2024an ere hautatu zituzten Ziklixen bi argazki sari horietarako, baina orduko hartan ez zuen irabazterik lortu; orduan ere txirrindularitza arloko argazkiak aurkeztu zituen azpeitiarrak sarietara.

Kirol argazkilaritzako mundu mailako sariketa handienetakoa da World Sports Photography Awards, eta aurtengo ediziora ere milaka argazki aurkeztu dituzte argazkilari profesionalek nahiz amateurrek. 24 ataletan banatzen ditu sariak World Sports Photography Awards-ek, eta atal bakoitzeko saria lortzeko 35 argazki hautatzen dituzte finalerako.

Aurten ere, kirolez kirol hautatu dituzte argazki irabazleak, baina saritutako argazki guztien artean hiru onenak ere aukeratu ditu epaimahaiak. Edgar Su argazkilariak jaso du aurtengo edizioko sari nagusia, Carlos Alcaraz tenislariari 2025eko Australiako Openean ateratako argazki bati esker. Bigarren saria, berriz, Beatriz Ryderrentzat izan da, eta hirugarrena, Richard Heathcoterentzat.

Honako lotura honetan ikus daitezke saritutako irudi denak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide