Dena prest da 24 orduko danbor festa hasteko

Nerea Uranga 2026ko urtarrilaren 19a

Irrintzi taldekoak iaz San Sebastian bezperako helduen danborradaren hasieran. (Nerea Uranga)

Ordu gutxi barru, 22:00etan, hasiko da San Sebastian bezperako helduen danborrada Olazko Andre Mariaren plazaren ondotik. Inoizko parte hartze handiena izango du: Iturri eta Vivero taldeak danborradara batuta, 33 taldek irtengo dute. Guztira, 1.700 herritarrek.

Ordu gutxi barru hasiko da inoizko talde gehien batuko dituen helduen danborrada. Aurreko astean egindako entseguen ondoren, gaurtik bihar gauerdira bitartean kalean danbor hotsak nagusituko dira Azpeitian. Berrikuntza bat baino gehiago izango dituzte aurtengo sansebastianek, besteak beste, bi talde berri batuko dira helduen danborradara: Iturri eta Vivero. Era horretaran, denera 33 taldek parte hartuko dute gaur 22:00etan hasiko den desfilean. Beraz, inoizko jendetsuena izango da San Sebastian bezpera, 1.700 herritarrek parte hartuz.

Era berean, gauerdian, danbor jotzaile denak herriko plazan elkartuta daudenean eta udaletxeko balkoian herriko bandera igo ondoren, Irrintzi taldeak omenaldia jasoko du. Hain justu, talde horrek 50 urte beteko ditu aurten danborradan parte hartzen.

Gauean kaleak danbor hotsez bete aurretik, baina, izango dira danborradarako prestatzeko azken orduko lanak: ile apaindegietan izango dira danborradan aterako diren kantinerak eta banderadunak; soziedadeetan afariak prestatzen jardungo dute, eta soinu teknikariak-eta Perez Arregi plazatxoan pantaila erraldoia muntatzen eta kaleko megafoniaren soinu probak egiten arituko dira, besteak beste.

22:00ak iristearekin batera, Azpeitiko kaleak herritarrez beteko dira helduen danborradaz gozatzeko. Desfilea Olazko Andre Mariaren Plazaren ondotik abiatuko da, eta parte hartuko duten 33 taldeak hurrenkera honetan ibiliko dira kalez kale Alde Zaharrean: Oñatzbideko gastadoreak, Loiolabide Zahar, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza, Etxera, Arrantzaleak, Gure Ametsa, Ardozaleak, Iraurgi SB, Mendizaleak, Barratsu, Zezenzaleak, Barrenetxea, Ilunpe, Inpernue, Izarraitzpe, Perdillegi, Iturri, Vivero, Oilo Soro, Irrintzi, Txalintxo, Arauntza, Sanjuandegi, Izarraitz Txoko, Zokoa, Basazabal, Ziripot, Landeta-Egizale, Alkartasuna eta Ollagorra.

Goiko Kalean eta plazan behera, Done Jakue kaletik iritsiko dira taldeak parrokiara eta Perez Arregi plazara, eta bi toki horietan kokatuta joko dute San Sebastian martxa. Gaueko lehen geldialdiaren ondoren, Elizkale, Plaza Txikia eta Enparan kalea pasatu, eta Perez Arregitik Erdikalean gora igoko dira plazaraino. Talde guztiak plazan direla eta gauerdiko kanpaiekin batera igoko dute herriko bandera udaletxeko balkoi nagusian. Orduan, Irrintzi taldeak dagokion omenaldia jasoko du udaletxean bandera igo ondoren, aurten 50 urte beteko dituelako helduen danborradan.

 

San Sebastian bezperaren ondoren, egun handia izango da bihar, eta haurrak izango dira danborrak astintzen protagonista, 12:30ean, Olazko Andre Mariaren Plazatik danborrada hasita.

Aurten, San Sebastian egunez ez da izango sokamuturrik. Behi aziendari eragiten dion dermatosi nodular kutsakorra zabaltzea saihesteko, Eusko Jaurlaritzak otsailaren 26ra arte debekatuta ditu animaliekin egiten diren ekitaldiak.

Egitaraua:

Gaur, urtarrilaren 19a. San Sebastian bezpera.

  • 22:00. Helduen danborrada, Olazko Andre Mariaren plazatik irtenda.
  • 00:00. Danborradako talde guztiak herriko plazan elkartuko dira, udaletxean bandera igotzeko.

Bihar, urtarrilaren 20a. San Sebastian eguna.

  • 09:00. Goiz eresia Izarraitz txistulari taldearekin eta Juan Antxieta musika eskolarekin.
  • 09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa danborradako taldeen, Udal Musika Bandaren eta Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroen kalejira.
  • 10:15. Udal ordezkariak Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara joango dira.
  • 10:30. Prozesioa, herriko kaleetan.
  • 10:45. Meza nagusia, parrokian. Parrokiako eta Julian Barrenetxea abesbatzek eta Azketa ahots taldeak parte hartuko dute.
  • 12:30. Haurren danborrada, karrozarekin, Arana kaletik eta Artzubia hiribidetik irtenda.
  • 17:30. Sun magoaren ikuskizuna, Soreasu antzokian. Sarrerak Kulturaz.eus webgunean eros daitezke.
  • 18:00. Zesta-punta. Jai Alai Winter Series desafioa, Izarraitz pilotalekuan. Sarrerak lotura honetan eros daitezke.
  • 23:15. Bandera jaitsierako danborrada, Bustinzuriko Errebaletik irtenda.
  • 00:00. Bandera jaitsiera, plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide