Izarraitz pilotalekuko harmailak jendez bete ziren atzo iluntzean, frontoian jokatu ziren bi pilota partidak ikusteko. Atzokoan, pilotari profesionalen eskuz binakako txapelketaren hamargarren jardunaldia jokatu zuten Azpeitian. Aspeko bi bikote aritu ziren nor baino nor gehiago, eta ordubete pasatxoko partida bikain baten ondoren, Javier Zabalak eta Julen Martijak 22 eta 15 irabazi zien Jokin Altuna Altuna III.ari eta Joseba Ezkurdiari.
Binakako txapelketako jardunaldiaren aurretik, etxeko bi pilotari elkarren kontra jokatzen ikusteko aukera izan zuten atzo Izarraitzen bildutako zaleek: Julen Egiguren Egiguren V.a Ekain Lizeagarekin bikotea osatuta eta Unai Alberdi Alberdi II.a Aimar Morgaetxebarria bikotekide zuela. Txapelketaz kanpoko partida hori 22 eta 18 irabazi zuten Egiguren V.ak eta Aldabek.